Oihana Mardaras santutxuarra EITBren aurkako atentatuagatik epaitzen ari dira Madrilen

uriola.eus 2014ko ira. 8a, 15:00
@eitbAlbisteak

Gaur hasi da Oihana Mardaras Oruetaren aurkako epaiketa Madrilen. Oihanari, 2008ko abenduan, Euskal Irrati Telebistaren egoitzaren aurkako atentatuan parte hartzea leporatzen diote.

2008an EITBren aurka egindako atentaua epaitzen ari da Auzitegi Nazionala. Oihana Mardaras santutxuarra da akusatua eta fiskalak 35 urteko espetxe zigorra eskatu du berarentzat. Berarekin batera, Itziar Moreno eta Ibai Beobide bilbotarrei ere egotzi zaie parte hartzea. Ibai epaitu dute dagoeneko eta Itziar Frantzian preso dago beste zigor batzuk betetzen.

EITBren web gunean jakinarazi dutenez, Oihanak, atentatuaren egunean atzerrian zela argudiatu du. Hain zuzen ere, "Poliziaren presioak" bultzatuta, 2008ko abenduaren hasieran Frantziara joan zela azaldu du, ez "ETAko kide izateagatik".

Epaiketa egun batekoa izango zen baina eguerdi aldera, epaileak bihar arte, bertan behera utzi du. Dagoeneko lekukoek deklaratu dute eta bihar, fiskala eta defentsaren txanda izango da. Gaurko epaiketa "Ibai Beobideri torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta" dagoela azaldu dute Oihanaren gertuek.