Dispertsioaren aurka kalera aterako dira Santutxun

uriola.eus 2014ko aza. 13a, 10:00

Bihar, azaroak 14, ostirala, 20:00etan, auzoko Sare dinamikak deituta, manifestazioa abiatuko da Egunkaria plazatik "Dispertsiorik ez!" lelopean. Besteak beste, Inma Berriozabal Santutxuko preso eriaren kasua salatuko dute.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra irailaren 20an aurkeztu zuten Miribillan. Bertan, dispertsioarekin amaitzeko beharra azpimarratu zuten eta arlo politiko, juridiko, kultural, instituzional eta akademiko ezberdinetako herritarrek parte hartu zuten bertan.

Ekitaldiaren bidez, apirilera bitartean sakabanaketarekin bukatzeko emango ziren urratsak jendarteratu zituen Sarek. Besteak beste, dispertsioaren liburua argitaratzeko asmoa erakutsi zuen, Euskal Herrian ematen den "eskubide urraketa" modu argian azaltzeko. Azaroaren 1ean, liburuaren 500.000 aleak prest zeudela jakinarazi zuten.

Dinamikak aurrera pausoak ematen jarraitzen du; baita herri eta auzoetan ere. Azaroaren 7an, deustuarrek auzoko frontoia bete zuten preso eta deportatuen alde eta bihar, azaroak 14, santutxuarrak kalera aterako dira dispertsioaren amaiera exijitzeko. 472 preso politiko 79 espetxetan sakabanatuta eta bataz beste, etxetik 600 kilometrotara daudela salatu nahi dute, bihar 20:00etan, Egunkaria plazatik aterako den martxaren bidez.

Besteak beste, Inma Berriozabalen kasua ekarriko dute gogora. 62 urteko santutxuarra 2008ko martxoan atxilotu zuten 18/98 makrosumarioaren harira eta 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Hala ere, aske utzi zuten pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero. 2009ko apirilean berriro atxilotu zuten eta geroztik preso dago. Berriozabalek diabetea dauka eta ebakuntza ugari izan ditu. Espainiar legediaren 92. artikulua aplikatzea eskatu badu ere, ukatu egin diote. Artikulu horren arabera, Berriozabalek etxean egon beharko luke pairatzen duen gaixotasunagatik.

Presoek idatziak aurkeztuko dituzte Auzitegi Nazionalean sakabanaketa salatzeko

Radio Euskadik gaur goizean jakitera eman duenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek, idatziak aurkeztuko dituzte Auzitegi Nazionalean, Jose Luis de Castro Espetxe zaintzako epailearen aurrean, pairatzen duten sakabanaketa salatzeko.

Lehengo fase baten 50 preso inguruk aurkeztuko dute eskaria. Bakoitzak bere egoera azalduko du bertan, baita zein giza eskubide urratu zaizkion. Era berean, Euskal Herriko espetxe batera gerturatzeko eskaria jasoko dute bertan. Aurrerago, seguruena da beste hainbat presok euren kexak aurkeztea.