Surgoi Zurutuza eta Itziar Olabarrieta garaile Sei Izar Krosean

uriola.eus 2015ko urt. 7a, 09:09

Argazkia: Santutxuko Familia Elkartea/Iñigo Azkona

Errege eguneko XXXVII. lasterketa herrikoian 934 korrikalarik parte hartu dute. Aurreko urtearekin alderatuz, gora egin du nabarmen parte-hartzeak kategoria guztietan Santutxuko Familia Elkarteak jakinarazi duenez.

Sugoi Zurutuza izan da Senior mailan lehena Iturriaga kaleko helmugan. 7,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsua 24,10 minututan osatu du. Bigarrena, Sergio Mijangos izan da (24,40).
 
Emakumeetan bizkorrena Itziar Olabarrieta izan da 28,13 denborarekin eta bigarrena Garazi Arranz (33,00).
 
Beteranoen kategorian (40-59 urte) Jorge Hernando (24,50), Josu Intxauspe (25,00), Inma Ruiz (30,25) eta Mari Karmen Gartzia (31,40) izan dira garaile.
 
Nabarmentzekoa da 60 urtetik gorako Karlos Moradillo (29,17) eta Valentin Varela (32,44) korrikalarien denbora ere.
 
Haurretan, 0-10 urte bitartean, Asier Santamaria (7,05), Josu Guerrero (7,23), Maialen Jimenez (7,42) eta Nagore Diaz (7,50) iritsi ziren lehenengo 1,5 kilometroko ibilbidea egin ostean.
 
11-14 urte bitartekoetan, berriz, Mikel Hurtado (5,26), Unai Gartzia (5,40), Irati Encinas (6,40) eta Elena Gisasola (6,41).
 
Helmugan, txalo-zaparrada gehien jaso zituena Fortunato Vencedor 85 urteko korrikalaria izan zen. Ez zuen hutsik egin Santutxuko krosean.
 
Kros herritar honetako ohitura da saririk ez ematea. "Benetako saria auzotarren txalo-zaparradak dira, parte-hartzaile guztiei eskainitakoak, esker onez", antolatzaileen arabera. Dena den, 2015ean Santutxuko Familia Elkarteak oroigarri bana ematea erabaki du lasterketa bukatzen dutenei, "ekonomiak horretarako bidea ematen baitigu".
 
Elkarteak eskertu nahi izan du urtero-urtero Sei Izar Krosaren antolaketan laguntzen duten "100 boluntarioren lana eta korrikalarien parte-hartzea".

 

 

[2015/01/05] 37. Sei Izar Krosean izen-ematea zabalik da