Santutxuko Etxebarria etxaldeko bost plazak guztiz eraberrituta

uriola.eus 2015ko urt. 23a, 12:10

Bilboko alkateak gaur inauguratu ditu Etxebarria etxaldeko bost plazak, guztiz eraberritu ondoren. Obra eta Zerbitzuen Sailak espazio hori hobetu du irisgarritasun-parametroak betetzen dituen diseinu berri bat eginda. 

Etxebarria etxaldeak plaza hauek ditu: Federico Etxebarria, Felipa Zuricalday, Albacete kalean dagoen goiko plaza, Juan de la Cosa kalean dagoen beheko plaza eta Iturriaga kaleko plazatxoa. Plazen estetika hobetzeko patio partikularrak mugatzen dituzten hormak kendu eta horien ordez hesiak jarri dituzte, ikuspegi zabalagoa egoteko.

Eraberritze-lanen ezaugarriak

- Irisgarritasuna: Etxebarria etxaldeko plazak maila ezberdinetan daude eta eskaileren bidez egon ziren lotuta. Diseinu berrian, bost plazak arrapalen bidez egongo dira lotuta. Gainera, irisgarritasun-parametroak betetzen dituzten eskailerak ere egin dituzte plazak lotzeko. Beharrezkoak diren lekuetan altzairu herdoilgaitzezko barandak jarri dituzte.

-Lorategiak: inguru horretako baldintza klimatikoetara hobeto egokitzen diren espezietako zuhaitzak landatu dituzte. Gainera, gutxiagotan ureztatu behar dira. Modu estrategikoan landatu dituzte argi naturala aprobetxatzeko.

Lorategietan badaude euri-uren hustubideak ertzetan eta ura berdegunetara bideratzen da. Lorategi berrien ondoko fatxadak iragazgaiztu dituzte.

-Argiak: Orain eraginkortasun energetikoko teknologia dute eta LEB modukoak dira.

-Hiriko altzariak: paperontzi berriak jarri dituzte eta espazio guztian jarlekuak ipini dituzte.

-Sareak: ur beltzen sarea eta hornidurarako sarea berritu dituzte eta lorategiak ureztatzeko ur-hartuneak instalatu dituzte.

Etxeetako patio pribatuetako plazak dira. Bilboko Udalak hirian egoteko leku gehiago egokitu beharraz jabeturik, prozesu luze baten ondoren lortu du horko auzotarrek lagapen bat egitea, espazio horietan esku hartu ahal izateko. Horrela auzotarrek egoteko eta aisialdia emateko leku gehiago izango dituzte Santutxun. Laster Basarrate Landako plaza eraberritzeari ekingo dio udalak eta alde horretako auzotarrek egoteko kalitate handiko beste leku bat izango dute.

Umeentzako jolasgunea eta adinekoentzako aldea

Obra eta Zerbitzuen Sailak hockey-pista ere Etxebarria etxaldetik kendu du eta Txurdinagako kiroldegian kokatu du, libre geratu den orubea Etxebarria etxaldearen eraberritze integralaren zati izateko. 900 metro karratu geratu dira libre eta jarduketa-eremuari gaineratu zaizkio. Guztira  2000 metro karratu egokitu dira. Federico Extebarria plazan umeentzako jolasgune bat jarri dute eta Albacete kaleko plazan beste gune bat egokitu da adineko pertsonentzat. Udalak guztira  1.125.000 euro inbertitu ditu obra honetan.