"Santutxun lokal bat okupatu dugu autogestioaren bidez auzoko gazteon elkargunea bihurtzeko"

Santutxuko Gazte Asanblada 2015ko urt. 26a, 09:55

Joan den larunbatean, urtarrilak 24, Santutxuko Gazte Asanbladako kideek prentsaurrean eman zituzten auzoan okupatu duten espazioaren inguruko xehetasunak. Urte luzez utzita egon den lokala da okupatua eta, oraingoz helbidea publiko ez egitea erabaki duten arrean, hurrengo egunetan jakinaraziko dute. Hurrengo pausoa "auzolanaren bidez lokalaren txukuntze lanetan" hastea izango da.

 

Santutxuko Gazte Asanbladaren mezua

Urte luzez erabat abandonaturik egon den lokal bat auzoarentzat berreskuratu dugu

Santutxuko zenbait gazte gara gaur prentsaurrekoa deitu dugunok, deialdi honen arrazoia auzoan lokal baten okupazioa burutu dugula da, autogestioaren bidez auzoko gazteon elkargunea bihurtzeko.

Guztiontzat ezaguna da euskal gazteriaren egoera zein den, lazgarria bezain orokortua delako. Mundu laboralean sartzeko zailtasun erraldoiek ikasketak eta gurasoen etxean egonaldia modu itzelean luzatzera behartzen gaituzte. Eskubide sozialen murrizketek gehien pairatzen dugun kolektiboetako bat gara, babesgabetasun egoera handiagoa bizi dugulako. Hau guzti hau gutxi balitz, protesten jazarpena eta kriminalizazioa modu basatian sufritzen dugu.

Gure bizi proiektuentzako oztopo handi hauekin batera komunikabideetatik zein botereetatik behin eta berriro bidaltzen dizkiguten mezuak indibidualtasunaren eta kontsumismoaren goraipamena dira. Indibidualismo ankerraz gure egoera hobetuko dugulakoan besteen buruak zapalduz, arrakasta profesionala edota pertsonalaren giltza hori dela saltzen digute. Bide berean, zoriontasunaren iparrorratzaren iparrean kontsumoa kokatu dute, gazteon aisialdiaren elementu nagusitzat bihurtu dutelarik. Gazterik ez da ikusten jada plazetan, taberna eta merkatal zentroetan bilatu behar topatu nahi baldin badira.

Inposaketa eta bizi eredu ustel honen aurrean gure erantzuna OKUPAZIOA DA. Okupazioa indibidualtasun ero honekin apurtu eta gazteok gure artean proiektu kolektiboak ezer ezetik abiatzeko gai garelako. Kolektiboaren indarretik bakarrik lor daitezkeelako hobekuntza orokorrak.

OKUPAZIOA kontsumismoa ez dugulako nahi gure bizitzetan. Aisialdia kapitalaren logikatik at antolatzeko gune askeak eraiki behar direlako. Momentu oro kontsumitzen ibiltzea ez duelako ezinbestekoa izan behar gure denbora libreaz gozatzeko.

OKUPAZIOA lokal eta etxe hutsak daudelako. Ehunka dira Bilbon erabat hutsik eta abandonaturik dauden lekuak. Jabetza pribatua, antza, eskubideak baina garrantzitsuago da gure egungo "estatu sozial" honetan.

OKUPAZIOA gazteok ez dugulako gurasoen etxetik joaterik. Espekulazioaren pean dagoelako etxebizitza, prezio neurrigabeki puztuak ordaintzea da dugun bide bakarra. Santutxuko batez besteko alokairua 850 eurokoa delako, langabezian edo prekarioki lan egiten dugun gazteontzat erabat ordainezina.

Modu integralean izorratu egiten gaituzte. Modu integralean erantzungo diegu guk. Gazteon bizitzaren arlo desberdinen inguruan hausnartu eta lan egingo dugu proiektu berri honetan, eta horretarako ezinbesteko tresna lortu dugula esan nahi dizuegu: urte luzez erabat abandonaturik egon den lokal bat auzoarentzat berreskuratu dugu. Momentuz helbidea ez dugu publiko egingo, baina hurrengo egunetan jakinaraziko dizuegu eta auzolanaren bidez lokalaren txukuntze lanetan hasiko gara.

Beraz, adi egon zaitezte berrietara guztiok zaudetelako gonbidatua proiektu berri honetan parte hartzera eta auzolana beharrezkoa izango delako amets kolektibo hau aurrera eramateko.

 

santutxukoga@gmail.com

@Santutxuko_GA

www.facebook.com/santutxuko.gazteasanblada

santutxunbizi.blogspot.com.es

 

[2015/01/23] Okupatu duten espazioaren berri emango dute Santutxuko bi gaztek