Gaztetxearen beharrizana aldarrikatuko dute manifestazio batekin Santutxun

uriola.eus 2015ko ots. 12a, 08:32

Aita Pernet kaleko lokal okupatuan hilabete eman dute Santutxuko Gazte Asanbladako kideek. Joan den astelehenean hitzordua zuten jabeekin hitz egiteko, baina "ez ziren bilerara etorri" diote gazteek, eta gainera, lokaleko "zerraila aldatu dute". Gaur, osteguna, manifestazioa deitu dute Santutxun, 19:30ean, 'Auzo bat gaztetxe bat' goiburupean.

2011n onartu zuen Osakidetzak Haro plazako anbulategia lekuz aldatzeko proiektua. Aita Pernet kaleko 4 eta 6 atarien artean dagoen lokalera, hain zuzen ere. "Ordutik gaur arte espazio hori ez dela erabili", azaldu dio URIOLAri Gazte Asanbladako kide batek. 750 metro karratu inguru ditu hiru solairutan banatuta eta duela hilabete okupatu zuten auzoko gazteek.

Ondoko gelan Santutxuko bi gazteren bizitokia atonduta zuten. Gainerako guneetan liburutegia, eszenatokia eta zinemarako lekua prestatzeko "planteamendua" izan dute. Auzolanean gaztetxea antolatu eta auzoari zabaltzeko helburuarekin.

Joan den astelehenean, otsailak 9, hitzordua zuten Gazte Asanbladako kideek Osakidetzako arduradunekin. "Hitz egiteko geratuta geunden, baina ez ziren bilerara etorri". Gazteen hitzetan, Osakidetzako ordezkariek "zikin jokatu dute". Egun horretan bertan hilabete okupatuta zeraman lokaleko zerraila aldatu zuten. "Justu orain hasi dira obrak egiten", dio Santutxuko gazte batek. 2011tik geldi egon den anbulategiaren proiektuko lanen hasiera ez dela kasualitatea irudikatuz.

"Gaztetxe gabe geratu gara", diote Gazte Asanbladako kideek. Gaztetxearen beharrizana jendarteratzeko gaur, hilak 12, manifestazioa deitu dute. 19:30ean abiatuko da martxa Egunkaria plazatik 'Auzo bat, gaztetxe bat' lelopean.

 

santutxukoga@gmail.com

@Santutxuko_GA

[2015-01-26] "Santutxun lokal bat okupatu dugu autogestioaren bidez auzoko gazteon elkargunea bihurtzeko"

[2015/01/23] Okupatu duten espazioaren berri emango dute Santutxuko bi gaztek