Aldapan gora jarraitzeko asmoa agerian

BERTON-Gorka Lopez Arantzamendi 2015ko ots. 13a, 09:29

Aldapa gaztetxearen proiektuari ezarritako etena salatzeko manifestazioa egin zuten atzo, osteguna, Santutxuko Egunkaria plazatik abiatuta. Zita 19:30etako bazen ere, bandera laranjak goizagotik agertu ziren, eta horiekin batera, jende hurbilduz zihoan.

Ingurukoen aurpegien artean gaztetasuna nagusitu zen, ezadostasuna adierazteko zein kendutako proiektua nolabait mantentzeko asmoz hurbildutakoenak. Hala ere, bazegoen ibilbidearen inguruan galdetzen zuen munizipalen bat, eta baita auzotar kuriosoren bat baino gehiago ere.

Jendeak mugitzeari ekin zioenean laster hasi ziren lehenengoko kantikak. Horren gainean ordea, espero gabeko aire epelak astinduta tela laranjak dantzan zihoazen. Baina okupazioaren ikurrek Santutxuko Gazte Asanbladaren estandarte morea zuten buru.

Gaztetxerainoko ibilbidea laburra izan zen, Jaurlaritzan Aldapa proiektuari emandako aukeraren isla. Behin gaztetxearen aurrean, Asanbladak bere iritzia eskaini zuen, bai entzun nahi zuenarentzat, baita Eusko Jaurlaritzak kontrataturiko segurtasun enpresako langilearentzat ere. Lokala Jaurlaritzak Osakidetzari utzitakoa dela, eta 2011an honentzako sortu zuten proiektuari ekin ez izana salatu zuen Gazte Asanbladak. Horrez gain, EAJren jokaera kritikatu zuen taldeak, desalojoa "legez kanpokoa" izan dela adierazi baitzuten. Izan ere, Gazte Asanbladarekin harremanak hasita zituztela bilera bat adostu, eta hori baino ordu bete lehenago, Ertzaintzaren laguntzarekin, lokalaren zerraila aldatu zutela azaldu zuen Asanbladak. Honekin batera, lokalean bi pertsona bizi zirela gogorarazi nahi izan zuen taldeak, eta horrek prozesua luzatuko zuela kontuan hartuta, alderdi jeltzalearen izaera “elektoralista” agerian geratzen dela gehitu zuen Asanbladak.

Kontsumoan erori gabeko aisialdi zein kultura aukerak lantzen jarraitzeko gogotsu, eta okupazioa erraminta modura erabiltzeko prest bukatu zuten partaideek ekitaldia.

 

2015-02-12] Gaztetxearen beharrizana aldarrikatuko dute manifestazio batekin Santutxun

[2015-01-26] "Santutxun lokal bat okupatu dugu autogestioaren bidez auzoko gazteon elkargunea bihurtzeko"

[2015/01/23] Okupatu duten espazioaren berri emango dute Santutxuko bi gaztek