Auzitegi Gorenak Oihana Mardarasi ezarritako 29 urteko kartzela zigorra baliogabetu du

uriola.eus 2015ko api. 14a, 10:08

EITBren egoitzari eraso egitea egotzita Auzitegi Nazionalak ezarritako 29 urteko espetxe zigorra bertan behera utzi du Auzitegi Gorenak froga faltagatik. Mardarasek oraindik beste sumario bati aurre egin beharko dio, 2008ko apirilean Abusuko Casa del Pueblo-ren kontrako ekintza batengatik. Astelehenean izango du azken epaiketa sumario horren baitan. 

2008ko abenduaren 31n, EITBren Bilboko egoitzaren aurka lehergailu bat jarri izana leporatuta, 29 urteko espetxe zigorra ezarri zion urte hasieran Auzitegi Nazionalak Oihana Mardaras santutxuarrari. Oraingoan, Mardarasek ezarritako helegitea aztertu ondoren, Auzitegi Gorenak absolbitu egin du aurkeztutako frogak "intuizio subjektiboak" direlakoan. Atentatu horretan parte hartzeagatik atxilotutako beste pertsona batek inkomunikazio garaian esandakoak froga gisa erabili zituen Auzitegi Nazionalak Mardarasen aurka eta Gorenaren arabera, Guardia Zibilen aurrean esandakoak epailearen aurrean berretsi ez izanagatik, ezin da deklarazioa frogatzat hartu. Ibai Beobidek ere argi utzi zuen tortura gogorrak jasan zituela adierazpen horiek egin zituenean.

Era berean, Mardarasen amaren etxean aurkitutako plano batzuk ere ez ditu onartu Auzitegi Gorenak, Beobidek ETAko zulo batzuen berri emandako informazioarekin bat ez datozelako. Bukatzeko, Mardarasek argi utzi zuen, Segiko kide izateagatik atxilotu zezaketela ikusita, Estatu frantsesera ihes eginda zegoela EITBren egoitzaren aurkako erasoa gertatu zen unean.

Urte hasieran Auzitegi Nazionalak kaleratutako sententziaren arabera, Mardaras Basakatu komandoko kide zen 2008an, Ibai Beobide eta Itziar Morenorekin batera, besteak beste; eta euren xedea, EITBren aurka egitea zen. Idatziak zioenez, hiruren artean, EITBren aurka egiteko 100 kiloko lehergailua prestatu zuten. Atentatuaren aurreko egunean, abenduaren 30ean, hirurak Buiagoiti auzora joan ziren, eta bertan, lehergailua eramateko furgoneta bat lapurtzen ahalegindu ziren. Gidari bat arma baten bidez mehatxatu zutela ere jasotzen zuen, eta Arrigorriagara arte burua estalita eraman zutela bertan zuhaitz batera lotuta utziz.

Aske geratzeko aukerarik ez momentuz

Lau sumario izan ditu Mardarasek bere gain. Lehenengoa artxibatu egin zuten, beste batean askatasuna eman zioten; hirugarren honetan absoluzioa lortu du eta laugarrenari, azken epaiketari astelehenean, apirilak 20, egin beharko dio aurre.

Kasu honetan, 2008ko apirilean Abusuko Tomas Meabe Casa del Pueblo-ren kontrako ekintzan parte hartzea egotzi diote. Horretan, ETAko kide batek DYAri abisua eman zion aipatutako egoitzan lehergailu bat zegoela esanez. Leherketak ez zuen zauritu larririk eragin. 

[2014/09/08] Oihana Mardaras santutxuarra EITBren aurkako atentatuagatik epaitzen ari dira Madrilen

[2014/09/22] 29 urteko espetxe zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Oihana Mardarasi