Martxoaren 30ean “adi” eta “prest” egoteko deia zabaldu zenuten, “edozein unetan” 16 gazte espetxeratuak izan zaitezketelako Fiskaltzak eskatzen dizuen seina urteko kartzela zigorra betetzeko. Nola bizi dituzu egunok?
Joan den abenduan epaiketa bukatu zenetik hiru hile luze pasa dira eta, urduritasun logikoaren barruan, oro har nahiko ondo, nahiko lasai.
Zergatik uste duzu Auzitegi Nazionalaren sententzia “edozelakoa” izan daitekela?
Hasieratik esan dugu epaiketak ez zuela inolako zentzurik, eta horregatik diogu onartzen dugun epai bakarra absoluzioa dela. Ez dakigu zer gertatuko den, edozer gerta daiteke. Epaiaren zain gaude, baina gu herritar libreak gara, eta berdin-berdin izango gara sententzia edozein dela.
Herritarren babesa eskatu duzue “libre izango bagara”. Zelako herri harresia izango da zuena?
Herri harresirik behar ez izatea espero dugu. Herri harresiak duen helburu nagusia herri librea eraikitzea da non pertsonak libre biziko diren. Urte hauetan Libre dinamikaren baitan eman diren urratsak duela bost urte imajinaezinak ziren. Epaiketa politikoak gelditzea da erronka nagusia.
Eman diren urrats horien artean zeintzuk aipatuko zenituzke?
Han-hemenka piztu diren Libre dinamikako lantaldeek egin duten lana eta erakarri duten jende anitza, batik bat. ‘Ez du zentzurik zuen aurkako epaiketak’ esan digute hurbildu direnek. Ezagutzen ez gaituzten pertsonak dira asko, oso jende desberdina, eta hori Libre dinamikak egin duen lanari esker izan da. Zentzu horretan pauso asko eman dira, eta egunerokoan igarri dugu jendearen babes hori.
Behin eta berriro errepikatu duzue zuena epaiketa politikoa izan dela. Lortu duzue hori frogatzea?
Bai kalean bai epaitegian argi geratu da epaiketa politikoa izan dela. Madrileko jendea ere hurbildu zaigu horrela ulertu duelako. Telebistan, irratian eta eztabaidetan ere horrela adierazi da. Harrituta geratu gara auziak izan duen oihartzunarekin, eta mundu guztiak argi izan du epaiketaren izaera politikoa. Mundu guztiak badu hain argi, zergatik gaude hemen? Hori hurrengo pausoa izan behar da, epaiketa politikoekin bukatzea.
Euskal Herriak bizi duen “garai berrian” are harrigarriagoa al da zuen aurkako auzia?
Jazarpen politikoa beti egon da eta egongo da, duela 50 urte, 2010ean gu atxilotu gintuztenean zein gaur egunean. Jazarpen mota edota jazarpen maila da aldakorra dena. 2010ean ez genituen normaltzat jo gure atxiloketak eta gaur egunean gutxiago.
Zelan azaldu zenioten Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo epaileari ez zinetela terroristak, politikoki konprometitutako gazteak baizik?
Haiek badakite zergatik geunden bertan, azaldu arren ez da behar, badakite ez garela talde terrorista bateko kideak eta gure lan politikoagatik epaituak ginela. Haiek euren papera interpertatzen dute eta guk gurea. Azaldu genuen egunerokoan zer lan egiten genuen: batek jai batzordean, besteak ikasle mugimenduan edota lan baldintza duinen aldeko borrokan. Finean, Euskal Herri independente eta sozialista baten bidean egiten genuela lan. Hori ere badakite eta horregatik atxilotu gintuzten, horregatik torturatu gintuzten, horregatik egon gara espetxean eta horregatik gaude epaiaren zain une honetan. Gu 28 izan gara, gure aurretik 40 egon ziren eta horien aurretik milaka euskal herritar eta gazte izan dira.
2014ko irailetik abendura luzatu zen epaiketa. Zer gogoratzen duzu?
Ez dut oso oroitzapen txarrik lan kontuetarako eta bizitza pertsonalerako nahasmena izan zen arren. Giro ona egon da gure artean, lagun batzuk egin ditut, eta ni behintzat saiatu naiz epaiketaren gauza onenekin geratzen. Madrilen asko ikasi dugu, bertako jendearekin egon gara, eta Madril ezberdin bat ezagutu dugu, solidarioa, konprometitua eta ideia propioduna.
Epaiketa bukatu baino lehen 28tik 12ri akusazioa kendu zien fiskalak. Nolako unea izan zen?
Oso arraroa izan zen, denok bukatzeko gogotsu geunden, nire urtebetze eguna zen, eta gutako batzuren atxiloketaren urteurrena. Fiskalak izen batzuk bota zituen baina lehenengotan ez genuen ulertzen zerrenda horretan egotea ona edo txarra zen. Atsedenaldia egin genuenean gure artean hizketan hasi ginen. Berri oso, oso ona da akusazio horien erretiratzea, eta ez dator zerutik, egindako lanaren emaitza da. Epaiketa zentzugabearen adibide bat gehiago. Adarjotzea ere izan da. Jarraipenak egin dizkigute, atxilotuak izan gara, torturatuak, espetxeratuak, hiru urte luze pasa dira, epaiketa egin eta azken egunean akusazioa erretiratu diete gutako 12ri. Hori ez al da adarjotzea?
Torturapean egindako deklarazioetan oinarritua atxilotu zintuzteten eta zuek ere torturatuak izan zineten.
Torturarena gurpila da, etenik gabea, eta gelditu beharrekoa. Fiskalak badaki eta epaileak ere babadaki torturatzen dela. Torturak epaiketaren izaera politikoaren adibide garbienak dira, eta tortura salaketak baliatu genituen han zergatik geunden azaltzeko. Balorazioa baikorra da Euskal Herrian uste baino oihartzun handiagoa izan baitzuten gure tortura deklarazioek, torturatzaileen deklarazioek eta peritoen deklarazioek. Tortura paraitu genuen guztiok Istanbuleko protokoloa pasa genuen psikologoekin, eta peritoak lan horretan oinarritu ziren. Gogorra izan da, baina merezi izan du.
Torturaren aurkako salaketak, mobilizazioak eta neurriak noiz izango dira eraginkor?
Uneren baten geratu behar du. Bilboko Udalbatzarrean, esaterako, saiatu ginen torturaren aurkako mozioa aurkezten, aurrera egin ez zuen arren, baina Eusko Jaurlaritzan, adibidez, psikologo talde batek kristoren lana egin du gurekin eta beste batzuekin. Txostena egin eta Euskal Herrian eta nazioartean aurkeztu dute. Lan horrek frogatzen du Euskal Herrian torturatzen dela. Hor ez dago ‘nik ez dut sinesten esaterik’, hor frogak daude. Lan horrek ziur balioko duela zerbaiterako.
28en senideek azken lau urte eta erdian pasatakoa “amesgaizto” gisa deskribatu dute. Zelan eutsi diote zure senideek?
Familia uste baino gogorragoa da. Lehen bisita gogoan dut Soto del Realeko heldu berrin sailean oraindik, eta harrituta geratu nintzen. Oso arduratuta egongo zirela uste nuen eta, ez, oso gogor zeuden. Familia, lagunak eta neska-laguna hor dauzkat, ondoan, indarra ematen, eta hori gauza handia da.
Ikoitz Arrese lehenagotik lagun zenuena izan da 28 auziperatuetako beste bat. Bere aurkako akusazioa bertan behera geratu da.
Hain hurbileko pertsona bat ondoan izatea positiboa izan da bai guretzat bai gure familientzat, prozesu guzti hau askoz hobeto jasan ahal izan dugu horrela.
Santutxun zuek babesteko sortu den Libre dinamikako lantaldeak ekintza ugari burutu ditu.
Gauza oso politak egin ditu. Epaiketa data ezagutu genuenean asanblada irekira jende piloa bildu zela gogoan dut, oso jende anitza. Santutxuko jaietan kolore laranja Basarrateren parte izan zen bederatzi egunez, eta argazki erraldoia egin genuen. Jendea badabil lanean, gauza asko dago egiteko, noski, baina balorazioa oso baikorra da. Euskal Herriko txoko guztietan piztu dira Libre lantaldeak, Aske lantaldeak edota Harresiak. Nor bere izenarekin baina filosofia berarekin.
Libre dinamikaren kamiseta laranja daramazu soinean. Zein esanahi du zuretzat?
Amodioa eta gorrotoa sentitzen dut kamisetarekiko. Gustuko dut transmititzen duenagatik, erreferentzia izatea lortu duelako. Libre dinamika bera bihurtu da erreferentzia eta kamiseta da horren lekuko. Kamisetarekin epaiketa pasata, prentsaurrekoetan batera eta bestera, azkenerako nazka apur bat ere ematen dit. Baina gehiago du positibotik.