Karmelo Ikastolak 50 urte bete ditu ikasturte honetan. Ibilbide "luze eta oparoa" egin du, 1964an Santutxuko guraso batzuen eskutik, proiektu honi ekin zitzaionetik. Sortze une zail hartan, haurrak euskaldundu eta euskaraz hezitzeko hartutako konpromisoari "tinko" eutsi dio ikastolak urte hauetan, irakasle, guraso eta ikasle belaunaldi ezberdinen borondate eta ekimenaz, besteak beste.
Euskara eta euskal kultura sustatzea nortasun ikur dituelarik, ahalegin etengabean dihardu Karmelo Ikastolak, hasierako konpromiso hari atxikirik, nahiz eta egungoa ere "ez den testuinguru erraza norabide horretan", Josune Barrenetxea zuzendariaren hitzetan.
Aurten, "hain urteurren garrantzitsua" betetzen duelarik Karmelok, "ibilbide guzti hori, egindako lana eta ahalegina eta batez ere, aurrera jarraitzeko indarrez eta gogoz gaudela ospatu nahi dugu". Horretarako, ekimen ugari antolatu dituzte bai ikastolan zein auzoan burutuko direnak.
Ospakizun hauetan ikastolako partaide izan diren kide eta lagun guztiak gonbidatu dituzte zuzendaritzatik.
50. urteurreneko egitaraua
Maiatzak 8 ostirala: 'Urtebetetze Jaia' Ikastolan arratsaldean
Maiatzak 9 larunbata: 'Ikasle Ohien Eguna'
Maiatzak 15 ostirala: 'Udaberriko Kontzertua' gaur egungo ikasleak eta ikasle ohiak
Maiatzak 16 larunbata: 'Umeen Eguna' Ikastolan arratsaldean
Maiatzak 23 larunbata: kalejira auzoan zehar + bazkaria ikastolan
• 11:00etan kalejira Karmelo plazan hasita, Sei Izar, Ritxi eta Basarrate plazetan geldiuneak egin eta auzoko talde ezberdinen partaidetza izango delarik
• 14:00etan omenaldia Ikastolaren sortzaileei ikastolan
• 15:00etan bazkaria ikastolan bertan
• Bazkalostean taberna ibiltaria taldearekin kanturako eta dantzarako unea
• 16:30etik aurrera haurrentzako tailerrak, jolasak, puzgarriak...