Inma Berriozabal Santutxuko presoa asteazkenean askatuko dute

uriola.eus 2015ko mai. 4a, 08:40

Santutxuko Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, Pontevedrako A Lama kartzelan preso dagoen Inma Berriozabal, asteazkenean, hilak 6, aske geratuko da.

Inma Berriozabal 63 urteko santutxuarra 2008ko martxoan atxilotu zuten 18/98 makrosumarioaren harira eta 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Hala ere, aske utzi zuten pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero.

Untzorri Bidaia agentzian lan egiten zuen Berriozabalek 1998an Baltasar Garzonen aginduz atxilotu zutenean. Ezker abertzalearen egiturak finantzatzea leporatu zioten Untzorriri, eta baita beste hainbat enpresa txikiri ere.

Auzia abiatu eta bederatzi urtera jaso zuten epaia 18/98 sumarioan epaitutako 52 lagunek. Horietako 47 zigortu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Guztira, 525 urteko espetxe zigorra ezarri zieten.

2009ko apirilean berriro atxilotu zuten eta geroztik preso dago. Berriozabalen osasun egoera ez da ona. Diabetea, B hepatitisa, asma bronkial arina, psoriasi artropatia, hipertentsioa, sinusitisa, obesitatea eta lokartzeko arazoak dauzka, besteak beste. Ebakuntza ugari izan ditu, esaterako, ezkerreko belaunean protesi osoa du, eta pomada eta analgesikoak hartu behar ditu sortzen dion minagatik.

2009ko maiatzean, Auzitegi Gorenak zazpi urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra Inmari. Espainiar legediaren 92. artikulua aplikatzea eskatu badu ere, ukatu egin diote. Artikulu horren arabera, Berriozabalek etxean egon beharko luke pairatzen duen gaixotasunagatik.

 

Harrera eta bizikleta martxa

"Gaitz larriak dituen presoa izan arren, ezarritako espetxe zigorra bere osotasunean bete ostean gurekin eta gure artean izango dugu", dio gaur Santutxuko Sare dinamikak zabaldu duen mezuan. Asteazkenean, hilak 6, 19:30ean, Inmak "merezi duen harrera egiteko" deia egin die auzotarrei Sarek. 

"Larriki gaixo dauden beste 10 presoen muturreko egoera" ez ahazteko, Sarek bizikleta martxa antolatu du maiatzaren 8an, larunbata, 20:00etan, Egunkaria plazan hasita.

 

Askatasun eskaerak

2014an hainbat preso politikok eskaera indibidual bana egin zuten espetxe bakoitzeko tratamendu juntaren aurrean. Bertan, haien egoera pertsonala azaldu eta kondena Zabaiako espetxean bete ahal izatea eskatu zuten. Orduan, presoen abokatuek adierazi zutenez "eskaera horiek Estatuko legedian eta Estrasburgoko epaitegiko sententzian oinarria bazuten ere, jasotako erantzun guztiak ezezkoak izan ziren; erantzun indibidualak baino orokorrak eta estandarisatuak jaso zituzten denek". Eskaera hura egitean, presoek giza eskubideak bermatzea exijitzen zutela mahaigaineratu zuten, eta ez zutela "inolaz ere, onura penitentsiariorik lortu nahi".

2014ko amaieran bide judizialera jotzea erabaki zuten. Entzutegi Nazionaleko Zaintza Epaitegi Zentralean 50 presok 50 kexa aurkeztu zituzten, tartean Inma Berriozabalek. Berriro ere banakako idazkietan, oinarrizko eskubide, giza eskubide eta kartzela eskubideak bermatzea eskatzeko eta haien egoeraren berri emateko. Mahaigaineratutako eskaeren artean gaixotasunak dituzten presoenak, 70 urtetik gorakoenak, 20 urteko espetxe zigorra bete dutenenak eta baldintzapeko egoeretan bizi direnenak zeuden.

 

Udalbatzan

EAJko 15 zinegotziren eta EH Bilduko lau zinegotziren aldeko botoekin, 2012ko azaroko Bilboko udalbatzak, osoko bilkuran, onartu zuen Inma Berriozabalen askatasuna eskatzen zuen mozioa. "Bilboko preso gaixoen egoeragatik kezka" agertu zuen Udalak -mozioan zehaztu zenez-, eta "indarrean dagoen legea betearazteko benetako pausoak" emateko eskaria egin zuen. "Gaixotasun larria eta sendaezina duten presoen baldintzapeko askatasuna" exijitzen zuen mozioak.

PPk aurkako botoa eman zuen eta PSEk abstentziora jo zuen. 

 

Babesa 

2012ko maiatzean eratu zen Santutxun 'Inma askatu plataforma' Berriozabalen "askatasuna eta gaixorik dauden preso guztien askatasuna eskatzeko" xedez. Harrezkero ugariak izan dira plataformak burutu dituen ekintzak, besteak beste, informazio kanpainak, elkarretaratzeak edota manifestazioak.

 

inmaaskatu.wordpress.com