LOMCEri eta 3. mailako azterketari planto egitea erabaki dute Santutxuko hainbat familiak

uriola.eus 2015ko mai. 5a, 18:27

Briñas eskolako eta Karmelo ikastolako 50etik gora familia dira euren seme-alabei 3. mailako azterketa egiteko baimenik eman ez dietenak "LOMCEk edota HEZIBERRIk inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausoa delako". Eusko Jaurlaritzaren "sekretismoa" salatu dute 3. mailako azterketari buruzko informaziorik "eman nahi ez duelako". Gurasoen arabera Jaurlaritzak "izkutuan darabil gaia".

Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleen gurasoak ez ezik Briñas eskolako eta Karmelo Ikastolako zein beste ikastetxe batzuetako estamentuetako kideak eta Santutxuko auzokideak ere elkartu ziren Basarrate plazan maiatzaren 5ean.

Hilabete luzeak daramatza hezkuntza komunitateak LOMCE legearen kontrako dinamikan murgilduta. Izan ere, aurten lege horren ezarpena errealitate bilakatu da ikastetxeetan, “Hezkuntza Sailek aplikatu egin dute”. Horren adierazpen “larriena” -gurasoen arabera-, Nafarroan adibidez, “egiten hasiak diren 3. mailako azterketak dira”. Maiatzaren 4 eta 15 bitartean aurreikusita daude azterketak Espainiako autonomia erkidego guztietan.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan noiz, zein ikastetxeetan eta nola egingo diren “oraindik” gurasoek ez dakite: "Eusko Jaurlaritzak informaziorik eman nahi ez duelarik, izkutuan darabilte gaia”. Hori dela eta “sekretismo hori” salatu nahi izan dute gurasoek: “Jaurlaritzak ikastetxeok ez jakintasunean mantentzeko hartu du erabaki hori, horrela gure iritziak, erreakzioak baldintzatu nahiko balitu bezala. Kale egin du ahalegin horretan ordea”.

Administrazio “orori” eskatu diote LOMCEren aplikazioa gelditzeko eta 3. mailako frogak bertan behera uzteko. “Argi adierazi nahi dugu, 3. mailako froga horren kontra gaudela guztiz LOMCEk edota HEZIBERRIk inposatu nahi diguten errebaliden sistema oso baten lehen pausoa delako, hezkuntzan eman nahi dituzten beste aldaketa guztien bermea izango diren errebaliden lehen oinarria, hain zuzen ere”. Euskal hezkuntza komunitatearekin hausnarketa eta eztabaida irekitzea funtsezkotzat jo dute gurasoek “gure errealitatetik eta gure beharretatik eraikitzeko euskal hezkuntza sistema propio baten oinarriak”.

Baimenik ez ematea

Bai Karmelon eta bai Briñasen 3. mailako gurasoek hausnarketa egin ostean erabaki dute “ez dugula nahi, ezta baimentzen ere, gure seme-alabei froga hau egin diezaieten. Gure seme-alaben heziketak eta etorkizunak kezkatzen gaituelarik, arduraz jokatzea erabaki dugu guraso bezala eta haientzako onena izango dena egitea erabaki dugu".

Horretarako ikastetxeetako zuzendaritzetara idazkiak bideratzen hasi dira gurasoak. Idazki horietan, gurasoek euren haurrei froga hori egin diezaieten “baimenik ez dugula ematen” zehazten dute. “Planto egitea erabaki dugu, eta erantzukizunez erabaki ere”.

Pili da guraso horietako bat. Zortzi urteko alaba du Briñas eskolan, Lehen Hezkuntzako 3. mailan ikasle. “Ez zait normala iruditzen azterketa hori egitea”, dio. “Erabat kontra nago”. Batik bat, “inposatua delako” errefusatzen du. Horregatik alabari azterketa egiteko baimena eman ez diola dioen agiria sinatu berri du Pilik. Bere alabaren ikaskide “guztien” gurasoek sinatu dute: “Denok egoera berean gaude, eta horrek elkartzen gaitu”.

Asunek ere zortzi urteko alaba du, June. Guraso Elkarteko, Eskola Kontseiluko eta Briñas ikastetxean LOMCEren ezarpena dela eta sortu den batzorde mistoko kide da. Uda ostean batzartzen hasi baziren ere, azken hilean bizkortu behar izan dute erritmoa batzordekideek. Gurasoen artean zabaltzeko informazioa biltzen eta materiala sortzen “arineketan” ibili direla dio Asunek. Plantoaren aurrean “zer egin” erabakitzen eta “zer den legala eta zer ez” ezagutzen, besteak beste. Estatuko gainerako autonomia erkidegoei begira ari dira, LOMCEren aurkariek Nafarroan edota Asturiasen plantoa egiteko erabili duten jardunbideei begira, “horietako praktika onak jarraitzeko”.  Asunen ustez, “idealena” azterketa egunean ikasgelak hutsik egotea da, “klasera seme-alabak ez bidaltzea”.

Plantoa eta babesa

Basarrateko agerraldi publikoaren bidez, hezkuntza komunitatea osatzen duten estamentu eta eragile orori dei egin diote “planto egin dezan LOMCEren ezarpenaren aurrean eta, zehazki, 3. mailako froga honen aurrean”, eta herritar orori babesa eskatu diote ekimen hau babes dezan, “gure gaurko haurrak baitira etorkizuneko herritarrak, beraz hezkuntza, eskola eta gizarteak partekatzen duen ardura da”.

Lehen Hezkuntzako 3. mailan seme-alabak  dauzkaten gurasoak babesteko parte hartu zuten beste hainbat gurasok Basarrateko ekimenean. Ikerrek, adibidez. Alaba txikiak dauzkan arren, badaki urte batzuk barru besteen azalean egongo dela. “LOMCE hasi da eragiten eta gure familiari ere eragingo dio, atzetik goazen denoi”. Elkartasuna eta atxikimendua agertzera hurbildutako beste batzuk izan ziren Ana, Emilio, Igor, Lorena edota  Sergio. Denak bat datoz unearen garrantzia azpimarratzerakoan: “Orain gelditu beharreko zerbait da hau, gero alperrik izango da eta. Tokatu ez bazaigu ere, gero tokatuko zaigu”.

Amaitzeko, gurasoek bat egin dute larunbat honetan Hezkuntza Plataformen Topaguneak Durangon deitu duen “agerraldi masiboarekin”. Bertan izango direla iragarri dute “azterketa inposatuei gure ezezkoa adierazi eta planto jarrera adierazteko”.