Inma Berriozabal Santutxurako bidean

uriola.eus 2015ko mai. 6a, 10:07

Ia zazpi urte espetxean egon eta gero, gaur goizean aske geratu da Inma Berriozabal santutxuarra. Pontevedrako A Lama espetxean senide eta lagunak zain izan ditu. Santutxura bidea hartu eta bertan, gertukoen harrera beroa jasoko du 19:30ean Egunkaria plazan.

Inma Berriozabal 63 urteko santutxuarra 2008ko martxoan atxilotu zuten 18/98 makrosumarioaren harira eta 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Hala ere, aske utzi zuten pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero.

Untzorri Bidaia agentzian lan egiten zuen Berriozabalek 1998an Baltasar Garzonen aginduz atxilotu zutenean. Ezker abertzalearen egiturak finantzatzea leporatu zioten Untzorriri, eta baita beste hainbat enpresa txikiri ere.

Auzia abiatu eta bederatzi urtera jaso zuten epaia 18/98 sumarioan epaitutako 52 lagunek. Horietako 47 zigortu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Guztira, 525 urteko espetxe zigorra ezarri zieten.

2009ko apirilean berriro atxilotu zuten eta geroztik preso dago. Berriozabalen osasun egoera ez da ona. Diabetea, B hepatitisa, asma bronkial arina, psoriasi artropatia, hipertentsioa, sinusitisa, obesitatea eta lokartzeko arazoak dauzka, besteak beste. Ebakuntza ugari izan ditu, esaterako, ezkerreko belaunean protesi osoa du, eta pomada eta analgesikoak hartu behar ditu sortzen dion minagatik.

2009ko maiatzean, Auzitegi Gorenak zazpi urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra Inmari. Espainiar legediaren 92. artikulua aplikatzea eskatu badu ere, ukatu egin diote. Artikulu horren arabera, Berriozabalek etxean egon behar zuen pairatzen duen gaixotasunagatik.