2015 urtea hasi zenetik Santutxuko hiru preso politiko aske geratu dira, Ruben Nieto, Inma Berriozabal eta Oihana Mardaras. Ostiralean, ekainak 19, ekitaldia egongo da hiru auzokide hauei harrera bateratua egiteko.
Ruben Nietok urtarrilaren 30ean utzi zuen Pontevedrako A Lama espetxea, 18/98 auziaren baitan zigortu eta hamar urte espetxean eman eta gero. 2004ko azaroan atxilotu zuten Nieto, Espainiako Poliziak aurrera eramandako operazioan. 18/98 auziaren 'Ekin' atalean epaitua izan zen eta Auzitegi Nazionalak hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zion, gerora, Gorenak hamar urte eta bederatzi hilabetean utzi zuena.
Oihana Mardaras apirilaren 23an geratu zen aske. Mardaras 2009ko ekainean atxilotu zuten Frantziako Estatuan Ibai Mateorekin batera kotxe istripu bat izan eta gero. Bertan, lau urte bete zituen ETAko kide izatea egotzita eta ondoren, Espainiako agintarien esku utzi zuten.
Lau sumario izan ditu Mardarasek bere gain. Lehenengoa artxibatu egin zuten, beste batean askatasuna eman zioten; hirugarrenean, apirilaren 14an, EITBren egoitzari eraso egitea egotzita Auzitegi Nazionalak ezarritako 29 urteko espetxe zigorra bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak froga faltagatik. Azkenik, laugarren sumario batengatik azken epaiketa izan zuen apirilean ere; 2008ko apirilean Abusuko Tomas Meabe Casa del Pueblo-ren kontrako ekintzan parte hartzea egozten zioten honetan.
Inma Berriozabalek maiatzaren 06an eskuratu zuen askatasuna zazpi urtez espetxean egon eta gero. 63 urteko santutxuarra 2008ko martxoan atxilotu zuten 18/98 makrosumarioaren harira eta 12 urteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Hala ere, aske utzi zuten pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz, 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Berriozabalek diabetea, B hepatitisa, asma bronkial arina, psoriasi artropatia, hipertentsioa, sinusitisa, obesitatea eta loak hartzeko arazoak dauzka, besteak beste.
2009ko apirilean berriro atxilotu zuten eta urte bereko maiatzean, Auzitegi Gorenak zazpi urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra Inmari. 2015ean bueltatu da auzora zigorra osorik bete eta gero.