Garazi Muniain, Jauzia: “Ofizialtasunerako aldarria ez dago geldi”

bertonaldizkaria 2015ko uzt. 10a, 09:22

Argazkiak: Iñigo Azkona

Herritar talde batek euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarriari hauspo berritzailea eman nahian Jauzia ekimena jarri zuen abian duela urtebete. Ordurako  ESAIT bere desagerpena ekarri zuen barne eztabaidan murgilduta zegoen. Jauzia Ofizialtasunera lantaldeko kide da Garazi. Futbolaria eta kirolzalea bezain konprometitua eta itxaropentsua.

Jauziak urtea bete du. Zein egoeran dago euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarria?

Hainbat kirolarirekin Carlton hotelean tertulia bat antolatu genuen joan den abenduan. Asko ezagunak ziren eta beste asko ezezagunak. Oso aberatsa izan zen mahai ingurua. Galderak egin, esperientziak partekatu eta ondorioak atera genituen. Oso interesgarriak denak. Ofizialtasunaren alde lan egiteko nahia badela ikusi genuen, ilusioa eta parte hartzeko gogoa badela konturatu ginen. Gure lehen helburua jende guztia Jauzia proiektuaren parte sentitzea izan da, eta ilusioa berriro piztea. Azken urteetan, agian, berdin samarra izan da urteroko gabonetako hitzordua, horretara mugatu da ahalegina, eta guk ilusioa haratago hedatu nahi dugu.

 

Bilbotik Euskal Herrira zabaldutako proiektua da Jauzia.

Bilboko boluntario talde batek sortu genuen Jauzia. Euskal Herri osora zabaltzeko kontaktuak egiten ibili gara, esaterako, Zarautzen eta Gasteizen badira taldeak. Gauzak ondo eta astiro egin nahi izan ditugu. Abenduaren 28ko egun handiaren ostean hausnarketa egitera bideratu ditugu indarrak, sare sozialetan proiektua ezagutzera ematera eta, batez ere, ateak irekitzera, nahi izan duenak parte har dezan. Hortaz, ez gara geldi egon, batzar ugari egin ditugu.

 

Zelakoa da ezkutuan egindako lana?

Abendu amaierako egun seinalatuan zentratu behar dugu bai atxikimenduak lortzeko eta oihartzuna izateko, baina gure asmoa, lehen momentutik izan da ofizialtasunaren aldeko aldarria hortik haratago eramatea. Ezkutuko lan asko egiten da abendutik kanpo, adibidez, atxikimendua eman izan diegu proiektu desberdinei, euskal selekzioaren inguruko erakusketa dela edota Geuria eta Uriolako kazetari taldearekin dokumental baten ekoizpena dela.  

 

Lantaldea nola antolatzen da?

Oso lantalde ona sortu dugu, talde txikietan banatuta egin dugu lan, eta gure artean oso harreman ona izan dugu. Asanblada irekiak egin ditugu aurrerapenen berri elkarri emateko.

 

Sare sozialetan jario handia du Jauziak. Zozketa ugari egiten dituzue, besteak beste.

Zozketa herrikoiak sustatzen ditugu sare sozialetan futbolarien kamisetak edota  Bilboko tabernariekin elkarlanean pilotarien kamisetak zozketatuz. Nolabait, ‘hemen gaude’ esateko modua da. Ez gaude geldi. Saiatzen gara kirolariekin harremana izaten eta presente egoten ofizialtasuna aldarrikatzen den ekimenetan. Euskal kirolarien lanaren berri ere zabaltzen dugu, kirol guztiei garrantzia bera eman nahi diegu. Kirolari askoren kritika da ez garela bideratu behar soilik gizonezkoen futbol taldera, eta horretan saiatzen gara.

 

Izan da aurrerapausorik ofizialtasunaren bidean azkenaldian?

Euskal Herriko eskupilota selekzioak berriki jokatu du Mexikoko selekzioaren aurka, bai emakumeek bai gizonek. Gonbidapena izan genuen eta bertan egon ginen gure atxikimendua ematen. Kirolariek gure asmo bera dute, ofizialtasunaren alde lan egitea.

 

Non aurkitu ditu Jauziak trabak?

Leku askotan, jende askok ez daki nora goazen edo nortzuk garen. Ibili gara politikariekin, kirol ordezkariekin eta federazioetako arduradunekin hizketan. Nork bere aldera egiten du. Nahiz eta puntu batzuetan ados ez egon, uste dut prest gaudela denok batera lan egiteko. Gu ez bagaude denon indarrak batzeko ofizialtasunaren alde jauzia egitea oso zaila izango da.

 

Kataluniari asko begiratzen diozue?

Kirol selekzio batzuk Kataluniaren izenean lehiatzea lortu dute. Gure nahia da eredu hori jarraitzea. Guk ere oso selekzio onak izan ditzakegu eta gure eskubidea da Euskal Herria bezala parte hartzea, ofizialak izatea.

 

Gora egin du ofizialtasunak azkenaldian?

Gure artean dena da traba, izena dela edota ereserkia dela. Guk argi dugu denok ordezkatzen gaituen lurra Euskal Herria dela. Nik ez dut hiru lurraldez osaturiko Euskadiko Selekzioa nahi. Lan handiena etxean dugu egiteko. Jendea kontzientziatuta dago, duela gutxi esaterako, gizonezkoen futbol selekzioak ez zuen jokatu Euskadi izena eman nahi zitzaiolako taldeari. Lanketa etxetik hasi behar dugu. Egun, Euskal Selekzioa da. Suposatzen da izena horrek denok ordezkatzen gaituela.

 

Zein erronka du Jauziak epe laburrean?

Eskatzen diguten kirolari eta ekimenei atxikimendua ematen jarraituko dugu. Irailean asanblada handi bat egingo dugu, jende berria etorri dadin eta guk dugun ilusioarekin hasi dadin lanean. Gogor hasiko gara irailean.

Espainiako emakumezkoen futbol selekzioan euskal futbolari batzuk aritu dira. Zer gertatuko litzateke euskal selekzioa ofiziala izanez gero?

Espainiako selekzioarentzat traba handia da Euskal Herriko selekzioa ateratzea, mehatxua da. Pozten naiz kirolari euskaldun batzuk mundiala jokatu ahal izan dutelako, ez euren selekzioarekin ordea, baina erakutsi dute maila badutela.

 

Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketak oihartzun gehiago izan du gizonezkoen lehia geldi egon delako?

Telebistako audientziek gora egin dutela irakurri dut, eta hainbat tabernetan txapelketako partidak ikusi ditut, eta horrek pozten nau. Ez dakit gizonen partidak egon balira emaitza bera izango zen. Bide luzea dago egiteko, baina bada aurrerapausoa protagonismoa izatea emakumezkoen mundialak.

 

Emakundek egindako azterketa batean emakume kirolariek egun jasaten duten jazarpena salatu du.

Argi dago mutil eta neska kirolarien artean desberdintasun handiak daudela. Suposatzen dut eliteko emakumeen mundua ere ez dela batere erraza izango. Gaur egunean, egoera apurka iraultzen ari gara, geroz eta garrantzia gehiago ematen zaiolako, besteak beste.

 

Futbola ezin utzita zabiltza?

Txikitatik oso futbolzalea eta kirolaria izan naiz. Karmelo Ikastolan hasi nintzen eta, futbitoan, Euskal Herriko txapelketa irabazi genuen. Futbol-7 eta Futbol-11n aritu izan naiz Santutxuko taldean. Hortik Barakaldora salto egin nuen, Bigarren Mailan jokatu nuen Nazional Mailan. Larregi izan zen. Esperientzia polita baina gogorra izan zen. Lagunak parrandan eta ni etxean geratzen nintzen partida nuelako. Gustatzen zitzaidalako egiten nuen. Mutil batek aldiz gustatzen zaiolako eta soldata bat duelako egiten du, eta ez elite mailan, Gazte Mailan mutilek kobratzen dute. Bitartean, neskek Lehen Mailan, Athleticekoak esaterako, beste lan batekin bateratu behar dute. Esfortzu larregi iruditzen zitzaidan futbolak niri ematen zidanarekin konparatuta.

 

Behin betirako utzi duzu orduan?

Santutxuko Futbol Taldean lagunak nituenez bueltatu nintzen taldera duela lau urte. Azkenean disfrutatzeko jolasten dut, lehia gabe. Aurten lau partida jolastu ditut. Beti diot futbola utziko dudala, eta beti bueltatzen naiz. Ez ditut gorde futboleko botak, badaezpada.