Egunkaria plazatik abiatuta, ikurrinak eskuan hartuta, 50 bat lagunek auzoko jaietan geldialdia egin zuten duela 18 urteko gertakariak salatzeko. Manifestazioan Santutxuko kaleak gurutzatu eta Iturriaga kaleko Herriko tabernara egin zuten ibilbidea atzo arratsaldean. Ermuko zinegotzi Miguel Angel Blanco hil berritan, koadrila batek Santutxuko Herriko taberna eta bertan zintzilik zegoen ikurrina erasotu zuen. Harrezkero, atzoko egunez, urtero protestaldia burutzen dute santutxuarrek.
Atzokoan bat egin zuten 1997ko eraso "faxistaren" salaketak Auzitegi Gorenak joan den ekainaren 18an ebatzitako Herriko tabernen itxiera aginduarekin. Hortik, manifestazioko kartelaren mezua 'Herriko tabernak libre eta zabalik'.
Lehen solairuan eskegitako ikurrina handi bati Agurra dantzatuz eman zioten amaiera ekitaldiari.