Gehienentzat Herriko tabernak ixteko ebazpena "ez dela sorpresa handia izan" diosku Iñaki Legorburu Artagan elkarteko kideak. "Badakigu Estatu espainiarrak nondik nora jotzen duen". Elkarteak jabetzan ditu Iturriaga kaleko taberna eta lehen solairua, "urte askoren ostean ordainduta". Kostata eraikitakoa (1988tik Iturriaga kalean eta horren aurretik Landaburu baserriaren kalean) gal dezake "bide judizial luze eta zail baten ostean". Ez ditu aipatu gabe utzi nahi Legorburuk auzian izan diren irregulartasunak. "Hasieran Herriko bakoitzak bere kausa zuen, oso desberdinak direlako, eta gero pakete berean sartu gintuzten denak". Bai prozesua bai epaia "larritzat" jotzen ditu.
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren berri zabaldu zen egunean, ekainaren 18an, manifestazioa egin zuten santutxutarrek 'Herriko tabernak libre eta zabalik' lelopean. Denbora gehiagorekin informazioa zabaltzeko asanblada egin zuten "egoeraren berri auzotarrei emateko eta erantzuna prestatzeko". Besteak beste, "Euskal Herriaren aurkako errepresio politika" Santutxuko jaietan ikurrinaren aldeko omenaldiarekin lotu dute. Ekitaldian, errepresio horren erakusle, bi eraso gogoratu zituzten. Batetik, azkena, Herriko tabernen aurkakoa. "1937an Francoren tropek Bilbon sartzean alderdi politikoen egoitzak bere egin zituzten bezala, 78 urteren ostean, gauza bera errepika daiteke; Herrikoak kenduko dizkigute". Eta bestetik, 1997an, Herrikoak jasan zuen erasoa oroitu zuten. Orduan, koadrila batek Herriko taberna eta bertan zintzilik zegoen ikurrina erasotu zuen.
Hiru arlo kolpatuko ditu itxierak. Ezker abertzaleak ez ezik Santutxuko norbanako eta elkarte ugarik Herrikoa erabiltzen duten neurrian, bertan eta inguruan egiten den auzo eta gizarte lanari eragingo dio. Arlo politikoari, zer esanik ez, zuzenki eragingo dio. Eta, azkenik, arlo ekonomikoan ere ondorio zuzena izango du. Artagan elkarteak bere ondasuna galduko du eta Herrikoko langileak lanpostua.
Defentsako abokatuek eta akusazio partikularrak argibideak eskatu dizkiote epaileari; defentsak errekurtsoa ere aurkeztu du. Prozesuak zenbat iraungo duen ez dago jakiterik eta uneotan, denbora da santutxutarrentzat kudeatzen zailena. "Ez dakigu noiz etorriko diren”, dio Legorburuk eta horrek geldi dauzka santutxutarrak. Espazio bat behar dutela argi dute: “Lanean jarritu behar dugu hau ixten badute hurrengo egunetik aurrera lanean jarraitzeko" .