Santutxuko VI. Mendi Martxak, urriaren 25ean, zenbait aldaketa izango ditu

uriola.eus 2015ko urr. 23a, 09:26

Santutxu Mendizale Taldearen 42. urteurreneko jardueren artean, aurten berriz ere mendi martxa antolatu du taldeak. Parte-hartze sistema desberdina izango da igandean, urriaren 25ean: ez da bikoteka izena eman beharko eta ez da denbora marka kontuan hartuko.

Izena emateko postua 9:00etan zabalduko dute, eta irteera segituan egin ahal izango dute partaideek. "Presa barik irten eta presa barik joan", diote Santutxu Mendizale Taldeko kideek. Eta "euro bat ekarri poltsikoan". Horixe izango da izen-emateak balio duena. Partehartzaileen artean perretxiko saski bat zozketatuko dute martxaren amaieran.

Ibilbidea ere apur bat aldatu dute, Arnotegira barik, Malmasinera igotzeko. "Egon ziur aurten ere norbait galduko dela", aurreratu dute taldekideek.

Bataz beste, lau ordu inguruko txangoa da, goiz pasa egiteko. 16 kilometro inguru izango dira. Kontrol postuetan zeozer jateko parada izango dute partaideek, beraz, etxetik ez da ezer eraman beharko.

Izena aurretiaz eman edo informazio gehiago nahi izanez gero hurbildu Santutxu Mendizale Taldearen bulegora (astelehen eta ostegunero, 19:30) edo bidali mezua:
stx.mendimartxa@gmail.com

Web gunean informazio osatua aurki daiteke: www.santutxukomendimartxa.blogspot.com