Preso gaixoen etxeratzea eta dispertsioaren amaiera eskatuko dute Santutxun

uriola.eus 2015ko urr. 9a, 08:58

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarrak deituta, gaur, hilak 9, manifestazioa egingo dute Santutxu auzoan.

Egunkaria plazatik abiatuko da 20:00etan protesta martxa. Bi eskakizun nagusi izango ditu gaurko manifestazioak. Batetik, dispertsioaren amaiera eta, bestetik, preso gaixoen etxeratzea. 

Euskal preso, iheslari eta deportatuei "legez dagozkien" eskubideak berrezartzeko bidean egiten du lan Sare dinamikak. "Presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikaren amaiera" galdegiten du. Horretarako, pertsona horien euskal herriratzea defendatuz.

25 urtez iraun duen neurri hau mantentzeak, presoentzat ez ezik, beraien ingurune hurbilarentzat "sufrimendua, eta ondorio larriak, dakartza, heriotza barne", Sareren arabera. "Mendekuan oinarritutako neurri politiko bat izan zen sakabanaketa. Garai berri honetan, neurri politiko berri batek sufrimendu guzti honekin amaitu behar du". 

Gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea da Sare dinamikaren beste eskakizunetako bat.

 

sare.eus