Zazpi kilometro eta erdiko ibilbide aldapatsua osatzeko 23' 48" denbora behar izan zuten Unai Sanz de la Fuentek eta Igor Garcia Zarragak. Atzokoan errekorrik ez zen hautsi. Iritzi berekoak ziren helmugaratzeko era bitxi horren arrazoiaz galdetuta bi protagonistak.
Unai Sanz ez da urteroko korrikalaria Errege Eguneko Santutxuko Sei Izar Krosean. Aurtengoa lehen aldia izan du. Bere ustez lasterketa herrikoia izanik, "omenaldi gisa", "onena" Igor Garciarekin batera helmuga zeharkatzea izan da. Gainera, Igor laguna du.
Igor Garciak, aldiz, duela bi urte Sei Izarrean parte hartu zuenean lasterketa irabazi zuen. Ibilbide osoa elkarrekin egin zuten Unai eta Igor lagunak, eta azken aldapan helmugan elkarrekin sartzeko erabakia hartu zuten. Igorrek esanetan, lasterketa herrikoietan horrela irabaztea polita izaten da". Topera joan diren arren, azken unean esprinta egiteak "ez daukala zentzurik" pentsatzen du.
Helmugara iristen lehena izan zen emakumea Inma Ruiz (676) gernikarra izan da. 29' 18" denbora egin du 55 urte bete berri dituela. Ezusteko txiki bat izan zen emakumeen sailkapenean. Izan ere, beste neska bat sartu zen Inmaren aurretik, baina BERTON aldizkariari esan dionez, "lasterbide txikia" hartu du, eta hortaz lehen postu hori ez zen berarentzat. Aipatzeko eta eskertzeko keinua.
Inma Ruizek azken urteotan Sei Izarrean ez du hutsik egin. Atzokoan bera bakarrik trena hartuta joan zen Santutxura, "oso" gustuko duelako lasterketa. "Ez dago saririk eta popular-popularra da", dio. Marka hobetzeko aprobetxatu zuen aukera. Baina "garrantzitsuena" parte hartzea dela azpimarratzen du, "zalantzarik barik".
Bizkaian geratzen den kros herrikoi bakarrenetakoa da Santutxuko Familia Elkarteak urtero urtarrilaren 6an antolatzen duena. Izen-ematea doakoa da eta, aurtengoan, partaideek linterna bana jaso dute opari gisa. 100 bat auzotarrek osatzen duten lantaldea arduratzen da krosaren antolaketaz.
Argazkiak: @sdkorrikazaleak