12.500 santutxuarrek osasun-zentro berria dute

uriola.eus 2016ko urt. 12a, 12:41
Argazkia: euskadi.eus

Atzo, urtarrilak 11, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Iñigo Urkulluk; Bilboko alkateak, Juan Maria Aburtok; eta Osasuneko sailburuak, Jon Darponek 12.500 auzotar baino gehiagori zerbitzua emango dien Karmeloko osasun-zentroa inauguratu zuten.

Zentroak aurreko osasun-etxearen azalera bikoizten du; 900 m2 ditu; hiru solairutan banatuta dago, eta guztira, bi milioi eurotik gorako inbertsioa egin da bertan.

Denboraren joana, instalazioen higatze naturala eta laguntza forma berrien ezarpena zirela eta, "beharrezkoa zen osasun-zentro zabalago eta modernoago bat ezartzea Santutxun". Hala, Aita Esteban Pernet kalean kokatu dute zentroa. Bere mintzaldian, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk honako hau adierazi du ildo horretan: "Osakidetzaren indar handienetakoa betiere izan da irits-erraztasuna, Euskadiko hiri, herri eta auzo bakoitzean baititu osasun-zentroak; horiek horrela, beharrezkoa da pertsonen zerbitzurako azpiegitura sanitarioetan inbertitzen jarraitzea, Osakidetza osasun-sistema publikoa eta kalitatekoa, egunerokoan euskaldunen uste ona duen sistema bat, izaten jarrai dezan". Era berean, Iñigo Urkulluk iragarri duenez, 2016an hiru azpiegitura sanitario berri zabalduko dira; Bilboko Miribilla auzoan, Zornotzan eta ospitale berri bat Uribeko eskualdean.

Kameloko osasun-zentroa atzo inauguratu zen eta astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, 8:00etatik 20:00etara bitartean, eta 25 profesional arituko dira bertan lanean. Hala ere, ostegunean, urtarrilak 14, irekiko ditu ateak 11:00etatik 13:00etara, auzotarrek euren osasun-etxe berriari bisita egiteko aukera izan dezaten eta astelehenean -urtarrilak 18- abiaraziko du publikoari arreta zerbitzua. Horretaz gain, gutxi barru zerbitzu berri bat sartuko da zentro berrian eta emagin-kontsulta bat edukiko du, emakumeentzako arreta programa bat garatzeko.