“AEK-k mundu osoko joera didaktiko eta metodologikoak erakarri ditu euskarara”

bertonaldizkaria 2016ko mar. 10a, 09:12

Santutxuko AEK euskaltegiko lantaldea

1966an sortu zen Santutxun euskara ikasteko Gau Eskola. Aurrerago Euskal Eskola bihurtu zen eta ondoren Santutxuko AEK euskaltegia. Erakusketa eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte, 50. urteurrenean. Aitor Argote eta Txema Salvarrey AEK-ko kideek eman dizkigute xehetasunak. 

Zer gertatuko da martxoaren 12an Iturriaga eta Karmelo kaleen izkinan?

50 urte euskara partekatzen izeneko erakusketa paratuko dugu kalean, lau haimaren babespean. Euskara ikasteko 1966tik 2016ra erabili diren metodologia ezberdinak erakutsiko ditugu. Zortzi bat: Euskalduntzen, Jalgi hadi, Hormairudiak, Kulturgintza, Ahoz aho, Solas jolas, Hitzetik hortzera, Amaiera Atazak... Horiek erabili dira, besteak beste, Santutxun Gau Eskolara edota euskaltegira hurbildu diren auzotarrei euskara irakasteko. Testuliburu historiko batzuk eta berriagoak ikusgai jarriko ditugu eta informazio panelen bitartez jendarteratuko ditugu AEK-k erabili dituen metodologiak.

Zer dela eta sortu zaizue ideia?

Eskolak zelan ematen ziren gogoratzea irakasleekin, materialarekin... interesgarria da oso. Polita izango da ikustea euskaltegitik pasatako milaka ikasleren erantzuna. Nostalgiatik badu apur bat. Egin dugun lana erakutsi nahi izan dugu. Askotan pentsatu dugu Santutxun ezezaguna dela gure lana. AEK-k didaktikarekin egin duen apustua adierazten du. Handia da AEK-ko didaktika taldearen lana, diru piloa bideratu dugu horretara, ezaguntzen ez den arren. Mundu osoko joera didaktiko eta metodologikoak erakarri ditu euskarara. Bere garaian curriculum propioa adostu zuen HABErekin, berdintasunean, eta hori AEK-k bakarrik lortu du.

Zeintzuk dira euskara ikasteko metodologia zaharrenak?

Lehenengoa Patxi Altunak sortutako Euskara ire laguna izan zen. Gero etorri zen 1972an Euskalduntzen. Sortzaile asko eta asko hemengoak ziren.

Metodologia horietako batzuk AEK-k sortutakoak dira.

1982tik aurrera ia-ia metodologia gehienak AEK-k sortutakoak dira.

Kulturgintza izeneko metodologia sonatua izan zen. Zergatik?

Ekintza bidezko ikaskuntza zuen izena, eta kalean egiten ziren jarduera asko. 80ko hamarkadaren erdialdean, ikasleek azken ekintza bat egin ohi zuten herri dinamikarekin lotuta. Berritasuna sortu zuen metodologia izan zen. Moldaketekin asko iraun zuena. Gogoan dut, lehen urratseko ikasleek Karmelo plazan ezkontza bat antolatu zutela eta euskaltegiko gainerako taldeak gonbidatu zituztela. Apaizak kexatu ziren arte.

Metodologiak zelan aldatu dira?

Hasieran egiturak ikasten ziren, elkarrizketak buruz ikasten ziren, gai topikoak eta errepikapenak erabiltzen ziren. AEK-k metodologia komunikatiboaren aldeko apustua egin zuen bere momentuan eta ikerketekin batera garatu ditu metodologiak. Egun erabiltzen den Amaiera Atazak, esaterako, gure esperientziarekin eta nazioartean eginiko ikerketekin garatu dugu. Bilakaera egon da, gaitasun komunikatiboa garatzeko bidea erakusten du bilakaerak. Orain zer? Ikasleak kanpoko irudiak eta gertaerak lantzen ditu klasean, gero kalera ateratzeko. Guneak ere adierazten dizkiogu ikasitakoa erabiltzeko. Adibidez, Berbalagunaren bidez.

Irakasle ohiak ere izango dira erakusketan. Zertan?

Nork bere garaiko klasea emango du, labur-labur, 3-4 minutuko azalpena eginez. Garaiko materiala zelan erabiltzen zuten ezagutzeko aukera izango dugu. Batzuk aitortu digute ez direla gogoratzen.

Argazki erakusketa ere atonduko duzue.

Bai, gordeta izan ditugun argazki asko aterako ditugu. 50 urtetako ikasle eta irakasleen argazkiak. Horietako batzuk ikusgai daude Facebook, Neu ere ibilia naiz Santutxuko AEKn orrialdean. Horrekin batera lehiaketa ere abian jarri dugu, Santutxuko argazki zaharrak argitaratu ditugu jendeak zein lekutan eginak diren asmatzeko.

Nor erakarri nahi duzue martxoaren 12an 11:00-13:30 bitartean?

Antzinako eta egungo ikasle, irakasle eta Santutxuko herritar guztiak gonbidatuta daude.

50. urteurrena ospatzeko beste zer ekintza antolatu duzue?

Maiatza-ekainean eta Santutxuko jaietan zer edo zer egingo dugu eta irailean azken suziria botako dugu.

 

[2016-03-07] Santutxu-Txurdinagako Euskararen Astea 2016