Zelan ikusi duzu auzoa?
Urbanistikoki aldaketa batzuk izan dira, baina gehien bat, jendeak harritu nau. Nagusiengan aldaketa gutxiago nabaritu dut, baina ume eta gaztetxo zirenak asko aldatu dira.
Azken zortzi urte hauetan gauzak asko aldatu dira arlo politikoan, ezta?
Bai, hasteko, erakunde armatuak armak utzi ditu. Nire ustez, egindako ibilbidea kontuan izanda eta zeuden baldintzak oinarritzat hartuz, estrategian eman beharreko urrats logikoa da.
Zelan ikusi duzu ETAk erabakia hartu zuenetik iragan den denbora tartea?
Gauza asko kartzelatik bizi izan ditut, beraz, orain kanpoko jendearekin egotea falta zait, hau da, barruan interpretatu dudana kanpoan ikustea. Egia esan, uste dut zenbait egoera barneratze prozesuan nagoela.
‘Abian’prozesuari buruz…
Abian txostenean parte hartu genuen, eta orain zehazki hurbilago ezagutzeko aukera daukat, behin jendearekin egondakoan. Nire iritziz, Abianen oso azterketa zintzoa egin da; oso kontuan izanda betiere edukitako akatsak eta dauden baldintzak. Nire ekarpena honakoa da: birbaloratu behar da borroka egitearena, eta borrokari prestigioa eman behar zaio. Orain hasi gara txarto ulertutakoari buelta ematen; orain bost urte olatuaren gainean geunden eta behin jausitakoan olatu berriak sortu behar ditugu.
EH Bilduren sormenari dagokionez?
Oso kontu ilusionagarria da, baina gero inertziagatik edo, askotan homogeneizatzera jotzen dugu. Hau da, alderdi guztiak berdinak garela irudikatu dugu, eta horrek ez luke horrela izan behar. Koalizio bezala egin behar ditugu gauzak, baina alderdi bakoitzak bere nortasuna mantendu behar du, aniztasunak aberasten baitu EH Bildu.
Sortu alderdiaren eraketa…
Aipagarriena da Abian prozesua martxan jartzea eta zuzendaritza berritu izana, besteak beste. Belaunaldi berriak gehitzea ezinbestekoa iruditzen zait, eta orain gakoa da aurreko belaunaldiak oraingoekin uztartzea.
Podemos/Ahal Dugu alderdiari buruz?
Errealitate bat islatzen dute, aldaketa gertatu da, argi dago. EAEn, neurri handi batean, PSE ordezkatuko du. Benetan gizartearen aniztasunaren isla da neurri zehatz batean, hala ere, ez da dimentsio bera hemen zein Espainian. Izan ere, pentsatzen dut Espainiako hauteskundeetan izan zituzten emaitzek itsutu zituztela, eta horrek batzuetan ez dizu errealitatea ikusten uzten.
“Presoak kalera, amnistia osoa” leloa…
Garrantzitsuena guk zer egin behar dugun da. Argi zegoen estrategia aldaketak erantzun ezberdinak ekar zitzakeela, eta hala gertatu da. Asko izan da guk uste genuela estrategia berriak berehalako emaitzak ekarriko zituela. Eta Estatuaren helburua, hain justu, hori da, gure artean kontraesanak sortzea. Neurri handi batean Estatuaren utzikeriagatik izan da, ETAk armak utzi bai baina Estatuak bere horretan jarraitzen du. Egoera luzatu nahi dute ahalik eta gehien ezker abertzaleari min handia egiteko. Nire ustez, gakoa orain presoak eta estrategia independentista dira. Alde batetik, presoak askatzeko ibilbidea egin eta, bestetik, nola lortu presoak estrategia independentistako protagonista izatea. Presoak ez daitezela soilik errepresioaren isla izan, preso politikoak dira, eta batzuetan alde batera uzten dugu politikoak direla. Aipatu nahi nuke, kolektiboa anitza dela eta egoera onean dagoela.
Irailaren 25eko hauteskundeei buruz…
Ezker aberatzalea alternatiba da, bai ala bai. Aipagarria EAJren gorakada ere, baina ni ez naiz harritu. Izan ere, EAJk sektore guztietatik hartzen ditu bozkak eta edozein arrazoigatik EAJren hegemonia kolokan ikusten den bakoitzean beste alderdietako bozkatzaileak babesa ematera doaz. Alabaina, EH Bilduren emaitzak oso onak izan dira. Orain falta zaigu ikustea zein norabide hartuko duen politikak, ea EAJk berriro ere beste lau urte galdu nahi dituen ala ez. Nire ustez, politika leku guztietan egin behar da EAJren jarrera baldintzatzeko; politika letra maiuskularekin, hain zuzen.
Azken ekarpena zure aldetik?
Gustatuko litzaidake aipatzea jendeak espetxeetako giltzak dituela. Hau da, jendea konturatu behar da kanpotik kristoren tresnak eta armak ditugula presoen isolamenduarekin amaitzeko, hein handian. Oso eraginkorra da presoentzat harremana mantentzea era praktikoan; nik neuk lehen pertsonan bizi izan dut, eta sarritan kanpotik ez dugu baloratzen. Kalean egiten dugun ekintza orok eragin zuzena du ziegetan. Presoa ez dugu isolamendu erregimenetik ateratzen, baina elkartasunarekin asko arintzen da sufrimendua.