Txurdinagako harmailako pizgarriak ofizialdu dira

bertonaldizkaria 2016ko aza. 22a, 06:00

Argazkiak: Eduardo Acebes (www.haizuefotografia.com)

Bidaideak Bilbao BSR taldeak zaleen eta jarraitzaileen taldetxo bat izaten du ondoan animatzen bai etxeko partiduetan, Txurdinagako kiroldegian, bai Ohorezko Mailan etxetik kanpo jokatzen dituzten partiduetan. Joan den ostegunean ofizialdu zuten Northern King peña. Aulki saskibaloian aritzen den Estatuko taldeen artean peña bat duen lehen taldea da Bidaideak Bilbao BSR. 

Ez dira zale berriak Northern King peñakideak. "Urteak" daramatzate Txurdinagako harmaila "altxarazten", Jose Manuel Oti Northern King peñako presidentearen esanetan. Urteak Txurdinagako saskibaloi kantxa "giro onez betetzen". Hortaz, joan den ostegunean burutu zuten Northern King peñaren jendaurreko aurkezpen ofiziala "urte askoren osteko gailurra" da. 

Bidaideak Bilbao BSR taldeak ondotxo ezagutzen ditu Northern Kingeko zaleak. "Gure klubaren eta gure kirolaren jarraitzaile sutsuak dira aspalditik", diote taldeko ordezkariek. Peña ofizial egiteak "orain arteko ibilbidea osatzeko aukera emango die", eta ondorioz, "babes handiagoa" jasoko du Bidaideak.

Northern King peñak Santutxun du egoitza, Santa Luzia kaleko Nueva Bodega tabernan. Bertan hainbat lagun elkartu ziren aurkezpen egunean, besteak beste, peñakideak, Bizkaiko saskibaloi taldeetako hainbat peñetako ordezkariak eta aitabitxi bezala jardun zuten Bidaideak Bilbao BSR taldeko jokalariak eta teknikoak. Aurkezpen ekitaldian parte hartuz eskertu zieten jokalariek peñakideei jasotzen duten babesa. 

Aulki saskibaloiko talde batek Estatuan duen lehen peña ofiziala da Northern King, eta Santutxun kokatuta dago.  

 

Argazkiak: Eduardo Acebes (www.haizuefotografia.com)