Sei Izar Krosa 39. ediziora ailegatuko da 2017ko urtarrilaren 6an. Zelako garrantzia du horrek?
Guretzat oso garrantzitsua da. Hasi ginenean aldarrikapena egiteko helburua zuen krosak, kirol jarduerarako espazio publikoa falta zelako Santutxun. Kiroldegirik ez zegoen orduan. Ekintza desberdinen bitartez eskatu genuen kirol gune bat auzorako, eta horietako bat zen krosa antolatzea. Garai hartan Bizkaian eta Euskal Herrian kros, maratoi erdi eta maratoi herrikoi asko antolatzen ziren, eta guk bat egin genuen joera horrekin. Juanjo Basterrak ekin zion lanari. Oso gizon ekintzailea zen, eta ‘zergatik auzoan ez’ bota zuen. Ordutik urtero aurrera egin du krosak Santutxun.
Hasieratik bi bereizgarri izan ditu Santutxuko krosak. Doakoa izatea eta saririk ez izatea. Zergatik?
Doakotasuna parte-hartzea inori ez mugatzeko. Izen-ematea ordainpekoa bada, muga hori gaindituta, kirol jarduerekin negozioa egitera hel daiteke. Izan ere, lasterketa batzuk dirua egiteko muntatzen dira. Batzuk argiro aitortzen dute hori, ‘dirua atera nahi dugu zerbaitetarako’, diote. Beste batzuk esan gabe zertarako, dirua egitea dute xede. Jarrera hori kritikagarria iruditzen zaigu. Gure krosean badira irabazleak, helmuga erdi aldera zeharkatzen dutenak eta azken iristen direnak. Saria lasterketan parte hartzea da eta lasterketa amaitu ahal izatea. Garrantzitsua da guretzat auzotarrek leku bat izatea egun horretan elkartu eta korrika egiteko.
Errege egunean, jaiegunean, santutxutarren topalekua da Sei Izar Krosa.
Gabon garaian auzoan dagoen jende askoren topalekua da. Kanpoan bizi direnak, lagunak, senideak… batzen dira krosean.
1995etik du krosak Sei Izar Krosa izena.
Balaitus mendian elur-jausi batek harrapatuta auzoko sei lagun hil ziren, eta erabaki genuen eurei omenaldia egitea, gainera egunarekin bat zetorren, eta krosari Sei Izar Krosa izena eman genion. Horrek auzoan gehiago errotu du krosa.
Korrikalarien artean maitatua den hitzordua da Errege Egunekoa.
Azpimarratzeko modukoa da urtero Begoña ingurutik parte hartzera datorren jendea. Basauri, Etxebarri edota Uribarriko kuadrilla batzuk 25 urte daramate huts egin gabe etortzen. Urteren baten guk esan arren, ‘aurten ezin izan dugu partaideentzat oparirik lortu’, euriei berdin die. ‘Jarraitu krosa antolatzen’, esaten digute.
Auzolanaren eredua da krosa. Erraza al da 103 lagunen lana koordinatzea?
Ez da erraza, laster 40 urte beteko ditugula eta, erraza diruen arren. Sekulako lana da. Hiru hilabete lehenago hasten gara prestaketan, baimenak eskatzen. Udalaren baldintzak geroz eta zorrotzagoak dira. Ez diot Udalak trabak jartzen dituenik. Egia da, dena aldatu den neurrian, baldintzak ere aldatu dira. Esaterako, asegurua izatea eskatzen digute istripuren bat gertatuko balitz, eta hori egun zentzuzkoa da. Esfortzu handia egiten dugu gerta daitekeen edozeren eragina ahalik eta gehien murrizteko. Hainbat hari lotu beharra dago lasterketa eguna baino lehen.
103 lagun boluntario asko dira.
Zeregin desberdinetan banatzen dira. Adibidez, 10 bat laguneko taldea 8:30etik egon ohi da lanean Txurdinagako parkean. Ibilbidea markatzen dute eta azken korrikalaria pasatzen den unean dena jasotzen dute kroseko aztarna oro ezabatuz. Horrek esan nahi du 13:00ak arte lanean daudela. Helmugan beste lagun talde bat egon ohi, eta beste talde bat ibilbidean zehar trafikoa mozten. Udaltzaingoak esaten digu zein kale-izkina eta garajeko irteera zaindu behar ditugun, eta gatazkatsuenetan eurek laguntzen digute. Gehitu eta gehitu, 100eko muga gainditzen dute boluntarioek. Jende guzti horrek esaten digu, ‘aurten zein egunetan lotuko gara prestaketan hasteko?’ Eurak dira gugana jotzen dutenak. Eguna gorde egiten dute, auzoan zeregina badagoelako. Horrek poza eta indarra ematen digu.
Zergatik diote ibilbidea gogorra dela?
Santutxuko kaleetan eta Txurdinagako parkean banatzen da ibilbidea, betiere asfalto gainean. Gogorra da, bai. Baina Santutxu horrelakoxea da, gorabeheratsua. Amaiera aldapan du gainera, Laurencin Markesaren kaleko aldapatzarra igo eta berehala. Batzuk aldapa hori ibilbidetik kentzeko esaten ziguten eta beste batzuk inolaz ere ez kentzeko. Gustuko dugu aldapa. Ikusle ugari elkartzen da bertan. Jendetza. Giro oso ona egon ohi da. Jende gehiegi dagoela ere esan digute batzuk, eta zaindariak jarri behar ditugula korrikalariei espazioa uzteko. Haurren lasterketa 1.700 metro luzekoa da, eta 11:00etan hasiko da. Helduenak 7,5 kilometro ditu, eta 11:30ean hasiko da.
Partaideak geroz eta bizkorragoak direla diozu. Zergatik?
Ibilbidea osatzeko partaideek geroz eta denbora gutxiago behar dute. Urtero bi minutu edo minutu eta erdi lehenago helmugaratzen dira korrikalari gehienak, aurreko urtearekin alderatuz. Oro har partaideak geroz eta hobeto prestatzen dira, sasoian daude. Lehen, berriz, oso ohikoa zen auzoko lagunek parte-hartzea batere prestatu gabe.
Nola eragiten dio krosak auzoko trafikoari?
Santutxun auzotar asko bizi gara eta, krosak, urtarrilaren 6an trafikoari zuzenean eragiten dio. Autoak jaun eta jabe dira auzoan, eta lasterketak iraun bitartean geldi, itxaroten egon behar dute. Arazo gehienak asko murriztea lortu dugu lasterketaren aurretik informazioa emanez eta lasterketaren egunean antolakuntzako boluntarioen bitartez. Horrela krosak trafikoan duen eragina bigarren maila batean geratzen da.
Azkenaldian partaideei oparitxo bana ematen diezue.
Ahalegintzen gara partaideei oparitxo bana ematen. Ez badugu oparirik emateko, ez dago oparirik, eta kito. Babesleen laguntzaren menpe dago.
Kroseko babesleen artean aldaketak izan dira. Zer dela eta?
Bizkaiko Aurrezki Kutxa babesle funtsezkoa izan da krosarentzat hasieratik. Marka komertzialetatik urruti eutsi diogu beti, krosak interesa piztu duen arren. Kroseko babesle izan nahi zuten eta ospe handiko korrikalariak ekarri. Ez dugu horretan inoiz interesik izan. Horregatik 30 urtez Bizkaiko Aurrezki Kutxaren babesarekin moldatu gara. BBK sortu eta gero ere babestu du krosa Bizkaiko Aurrezki Kutxak, nahiz eta ekarpena txikituz joan zen. Guretzat nahikoa zen aurrera egiteko. Kutxabank sortu zenean, era zuzenean esan ziguten, ez dugu zalantzarik gurekin harremanetan egondako arduradunen atsekabeaz, Kutxabank-ek ekitaldi handietara bakarrik bideratuko zuela bere laguntza. Aldi berean, Udalak auzoetan burutzen ziren kirol jardueretara bideratzen zuen diru ekarpen txikia ezabatu zuen argudio bera erabiliz. Bilbo, erreferentzia diren jardueren hiria, Estatu mailan eta nazioartean oihartzuna duten jarduerena… ekitaldiak sortzera iritsi da Udala aipatutako oihartzuna lortzeko asmoz. Ondorioz, bi urtetan ez genuen batere babesik izan. Guk geuk ordaindu behar izan genituen kroseko gastu guztiak.
Zer egin zenuten finantziazioa lortzeko?
Gure esku genituen aukera guztiei tiraka ibili genien. Auzoko erakundeekin harremanetan jarri ginen. AEK-k Korrikako arku puzgarria ekarri zuen, Auzotarrok-ek hesiak utzi zizkigun… kroseko bihotzari odola ematen dioten zainen bitartez aurrera egin genuen. Baina gure helburua eustea baino, egonkortzea zen, eta Laboral Kuxarekin harremanetan jarri ginen. Auzoan inauriterietan eta Olentzero egunean kolaboratu izan du, besteak beste. Laguntza xumea baina guretzat nahikoa emateko prest azaldu zen, eta azken hiru urteetan Laboral Kutxa arduratu da dortsalak, kartelak eta helmugako gastuak ordaintzeaz. Horri esker, gure lana lasterketatra bideratu dugu, korrikalariak ahalik eta erosoen senti daitezen.
Non eta noiz eman daiteke izena?
Urtarrilaren 4an eta 5ean Santutxuko Familia Elkartearen egoitzan (Iturriaga kalea 55, 1. ezkerra) 19:00-21:00 bitartean, eta lasterketa egunean, urtarrilaren 6an, 9:30etik aurrera, lasterketa hasi baino 5 minutu lehenagora arte, leku berean.
Eguraldia erabakiorra al da?
200-300 partaideko aldea egoten da euria ari badu edo ateri bada.
Bilboko Herri Krosean 10.000 lagunek egiten dute korrika. Santutxuko Sei Izar Krosean zenbatek?
Partaidetza handiena iaz izan genuen. Guztira, umeen eta helduen artean 1.000 lagun inguru. Harrotzeko kopurua da guretzat. 1.000 lagunek esatea ‘goazen Santutxura’, gauza handia da.