Indarkeria sexista

Ertzaintzak Solokoetxeko sexu erasoa ikertzen jarraitzen du

uriola.eus 2017ko urt. 20a, 09:15

Agenteak aztertzen dabiltza 18 urteko emakumeari sexu erasoa egin zioten inguruko segurtasun kamera batek grabatutako irudiak. 

Ertzaintzak informazio ofizialik eman ez badu ere, hainbat mediok gertatutakoaren hipotesi ezberdinak kaleratu dituzte. El Correo agerkariaren arabera, bi gizonezkok burundangarekin emakumea drogatu eta gero, erasotu zuten hirugarren batek grabatzen zuen bitartean. 

Aldiz, EITBk adierazi du Ertzaintzak baztertu egin duela sexu erasoan burundanga erabili izana. Hemen ere, erasotzaileak bi izan zirela jendarteratu dute. 

Erasoa joan den asteburuan izan zen. Larunbatean, urtarrilak 14, goizaldeko 02:00ak aldera, 18 urteko emakumea Bilbo erdiguneko diskoteka batean zegoen eta momentu horretatik aurrera ez zuela gertatutako ezer gogoratzen azaldu zien ertzainei. Ordu batzuk geroago Santutxun esnatu zen, Solokoetxe inguruan, eta burundangapean egon zitekeen susmoa agertu zuten ertzainek. Droga horren bitartez, erasotzaileek biktimaren sumisioa bilatzen dute honengan amnesia egoera bat eraginez. Asteburuko kasuan emakumeak amnesia sufritu zuen eta indarkeriak zantzuak zituen. Basurtuko ospitalean artatu eta sexu erasoen protokoloa aktibatu zuten.

[2017-01-18] 18 urteko emakume bati sexu erasoa egin diote asteburuan