Aterpearen proiektua Briñaseko ikasleen beharrizanetara moldatzeko manifestazioa egingo dute

bertonaldizkaria 2017ko eka. 2a, 12:30

Milioi bat euro baino gehiago balio duen obra egiten ari dira Luis Briñas-Santutxu eskolan. Lehen Hezkuntzako ikasleak euritik babestuko dituen pabiloi bat eraikitzen. Hezkuntza komunitateak hogei urtez eskatu duen proiektuak hainbat gabezia ditu ikastetxeko kideek salatu dutenez; ez dauka aldagela ez komunik, ezta aterpera iristeko pasabide estalirik ere. "Gure seme-alabek bustitzen jarraituko dute", diote gurasoek. Euren haserrea publiko egin eta auzora zabalduko dute arratsaldean manifestazioa eginez. 

Aterpea bai, baina ez edonola leloa izango du gaur 16:30ean Luis Briñas-Santutxu eskolatik bertatik irtengo den manifestazioak. Izan ere, eskolako irakasle eta familiek osatzen duten Aterpe batzordeko kideak aspertu dira. Barrutiko Kontseiluko ordezkariekin, talde politikoekin, Arartekoarekin edota Hezkuntza Sailarekin ahalegindu dira ikastetxean eraikitzen ari diren pabiloiaren proiektua aldatzen. "Hitz egiten eta eskutitzak bidaltzen aspertu gara", diote, batean eta bestean "ezetza" baino ez dutelako jaso. Horregatik, "zarata egitea" erabaki dute. "Ezer lortu ez dugunean, zarata egitea baino ez daukagu", BERTON aldizkariari eskolako ama batek adierazi dionez. Aterpe batzordetik "eskola guztiari" dei egin diote arratsaldeko manifestazioan "gure eskaerak babesteko". 

Luis Briñas-Santutxu eskolan hogei urtez aterpe bat eskatzen ibili direla gogoan du Pakik. Bera da ikastetxeko beteranoetako bat. Patioak eta terrazak euritik babesteko eskatzen zuten estalkiaren ordez, Hezkuntza Sailak pabiloi bat eraikitzea erabaki du. Joan den abenduan hasi ziren pabiloia eraikitzen. Aldaketarik ezean, irailean-urrian bukatuko dute obra. 

Pabiloiaren proiektua egiteko "ez ziguten iritzia eskatu", dio Pakik. Lanak hasi baino lehenago proiektua eskatu ostean jaso zuten. Berehala konturatu ziren gabezia handiak zituela. Hau da, eraikin berrian "ez zegoela ez aldagelarik ez komunik eta bertara heltzeko 200 metroko pasabidea ez zegoela estalita". Beste era batera esateko, "umeak aterpera bustita ailega daitezke eta, komuna hain urrun izanik, bustita irits daitezke aterpetik komunera". Egoera kezkagarria da batik bat Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3. mailakoak, ikasle txikienak, direnean aterpea erabiliko dutenak. Baita txikiagokoek ere, Haur Hezkuntzakoek, eskolaz kanpoko ekintzetan. Eta auzotarrek, eskola itxita dagoenean, kirol, aisia eta kultur jarduerak egiteko. Pabiloian, komunak eta aldagelak izatean, "Santutxuren bihotzean kokatuta dagoen eskola erabilgarria da oso auzotarrentzat ere", Aterpeko lagunen ustez. 

Proiektua moldatzea badagoela pentsatzen dute. "Edozein lanetan egiten direlako egokitzapenak", eta hortaz, "zerbait egin daiteke". Ruben Aterpeko kidearen iritziz, "logikoena umeei zerbitzu egokia ematea da", eta horretarako aterpe berrian "gutxienez bi komun txiki beharrezkoak dira". Gainera, obra abenduan hasita dagoenez, "komunak eta aldagelak jartzeko une aproposa hau" dela diote. Hezkuntza Saila eta obraren ardura duen enpresa aldiz ez dira iritzi berekoak. "Proiektu berri bat egin beharko litzatekelako eta komunen kopurua bikoiztuko litzatekelako". Hau da, "eskatutakoa ez dugula behar diote". 

Ezezkoei aurre egiteko Eusko Legebiltzarrera joko dute. Aterpeko lagunek eskatu dute jada Hezkuntza Batzordearen aurrean agerraldia. Hitzordua noiz emango zain daude. "Baliteke, beste bide bat ere zabaltzea", aurreratu du Sergio batzordekideak. "EH Bildu eta Ahal Dugu taldeek ez legezko proposamen bat aurkez dezakete eta PPk bere aldetik beste proposamen bat" Aterperen eskaria babestuz.  


Eraikinaren babesa, arazo iturri

1933an eraiki zen Pedro Ispizua arkitektoak diseinatutako Luis Briñas eskola. Bere balio arkitektonikoagatik B kategoriako babesa duen eraikina da, eta ondorioz fatxadan eta ikastetxearen kanpo itxuran ezin da aldaketarik egin. Horregatik ezin dute estalkirik jarri ikastetxea eta pabiloiaren arteko pasabidean "umeak ez bustizeko". Bilboko Udalari dagokio babesaren gaineko erabakia, eta zentzu horretan, Udalera jo dute Aterpe batzordeko lagunek eraikinak duen babesaren aldaketa eskatzeko.

Orain baino lehen ere, arazoak izan dituzte ikastetxean. Eraikinean ezin denez pertsianarik ez aire egokitu makinarik jarri bero handia egiten du sarri. Aste honetan 34, 32 eta 32 graduko beroa izan dute Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan. Klaseak etetera iritsi dira beroagatik "ezinezkoa zelako" jarraitzea. Prebentzio zerbitzuko teknikariek neurketak egin dituzte ikasgeletan, eta "tenperatura ez dela egokia" esan dute. 

Sorrerarik eskola izateko sortu zen eraikinak gabeziak ditu egun "euria ari duenean eta beroa egiten duenean". Ikastetxean sortu diren "arazo ia guztiak eraikinaren babesagatik izan dira", Pakiren esanetan. Eta babesak gelditu egiten ditu balizko irtenbideak. Ondorioz, Udalak dauka konponbiderako "giltza". 

 

[2017-04-25] Jolastoki berrian komunak, aldagelak eta pasabide estalia eskatu ditu Aterpe batzordeak

[2013-12-20] Briñas ikastetxeko kideek aterpeak eskatu dizkiote Olentzerori