Sei urte pasa dira lehenengo edukiontzi marroiak Bilboko 1. barrutian ipini zirenetik. Oraingoan, laugarren fasean, Bilboko Udalak gai organikoak bereizita batzeko edukiontzi marroia zabalduko du Santutxu eta Solokoetxera. 106 edukiontzi marroi jarri berri dira 4. barruti osoan zerbitzua emateko eta 5. barrutian ere hasteko. Fase berri honekin, edukiontzi marroia bilbotarren % 45en esku jarriko dela informatu du Udalak. Horren arabera, 2017ko uztailean 373 edukiontzi marroi egongo dira uriko 1., 2., 3. eta 4. barrutietan eta 5.eko alde batean, eta urtebete barru edukiontzi marroiak uri guztira zabalduko ditu.
Hondakinak hobeto aprobetxatzea da gai organikoa bereizita hartzearen helburua, ingurumenerako, ekonomiarako eta osasunerako ona delako. Hondakin guztien % 40 gai organikoak dira. Hortik hondakin horiek behar bezala tratatzeak inguruarentzat duen garrantzia.
Edukiontzi marroian jatorri begetaleko fruta, barazki, lekale, ortuari, landare, lore eta horrelakoen hondakinak, ogia, opilak eta fruitu lehorrak kozinatuak eta gordinak batu daitezke. Hondakin horiek bildu ondoren, konposta egiteko instalazioetara eramaten dituzte. Konposta lurraren ongarria da eta, besteak beste, lorazaintzan, nekazaritzan eta obra zibilean erabiltzen dute.
Edukiontzi marroiek, besteek ez bezala, sarraila dute eta sarraila giltzaz zabaltzen da. Kalitateko konposta egiteko, edukiontziaren erabilera ekimenarekin konprometituta dauden pertsona ondo informatuek bermatzea da kontua. Bilboko Udalak, aurreko faseetan bezala, informazio-bilerak antolatu ditu auzoetan. Familiak materiala hartzen ari dira gai organikoak bereizita batu ahal izateko. Hain zuzen, 10 litroko zakarrontzi bat, alde guztietatik aireztapena duena, hatsa ekiditeko; edukiontzi marroia zabaltzeko giltza, konposta egiteko balio duten poltsak eta azalpenak batzen dituen foileto bat, zein hondakin bildu eta zein ez jakiteko.
Kanpaina atzo hasi zen eta uztailaren 6an amaituko da. Ekimen honen bidez hala nahi duten familia guztiei parte hartzeko aukera eskaini nahi zaie, etxeetan sortzen dituzten hondakin organikoak edukiontzietan bereizita uzteko. 16 eguneko kanpaina burutuko da.
Bilboko Udalak birziklatu daitezkeen zati guztiak bereizita biltzeak, Bizkaiko hondakinen plan integrala betetzeari begira, duen garrantzia gogorarazi nahi du. Hori Europa Batasunak emandako zuzentaruekin bat etorrita. Izan ere, hondakinen pizu guztiaren % 50 gutxienez bereizita bildu behar da 2020rako, geroago berriro erabiltzeko edo birziklatzeko. Horiek horrela, herritar guztiak kontzientziatzea oso garrantzitsua da.