Espazioa konpartituz, ezagutza konpartitu

bertonaldizkaria 2017ko urr. 5a, 09:19

Argazkia: Icíar García‏ @iciarmoix

Santutxuko elkarteei eta auzotarrei topagune bat eskaini die Inteligencias Colectivas taldeak ezagutzaren trukerako, tokiko kulturaren sorkuntza aztertzeko eta jarduerak antolatzeko. Horretarako paratu dute Karmelo plazan IC AZ / Bilbao Commons izeneko gunea. 

Joan den irailaren 15etik hamar bat talde pasa dira dagoeneko Karmelo Plazako IC AZ / Bilbao Commons gunetik. Askotariko jarduerak burutu dituzte harrezkero. Auzoko argazki zaharren erakusketa, papiroflexia biziduna tailerra, DJ mintegia, zurrumurruen aurkako estrategia-kideen topaketa, Puro Luengo taldearen kontzertua, gurutze puntu hiritar saioa, Eskola Bideak egitasmoaren aurkezpena eta abar luze bat. 

Elikadura bizi oinarri

Bihar, urriak 6, Labore taldeak Elikadura bizi oinarri lelopean hiru jarduera antolatuko ditu bertan. 17:00etan, giza-elikaduran eta dietetikan aditua den lagun batek umeentzako tailerra zuzenduko du. 18:00etan, Labore-Oarso, Landare eta Labore Bilboko kideek komertzializazio esperientzien aurkezpena egingo dute. Bukatzeko, 19:00etan, plazaratuko dituzten elikagaiak naturalak edo industrialak diren bereizteko dastaketa saioa izango da.  

Proiektua

Urriaren 10era arte egongo da Karmelo plazan IC AZ / Bilbao Commons gunea. "Esperimentatzeko gunea" da Inteligencias Colectivas talde sustatzailearen arabera. "Hiri adimendun prototipo bihurtzeko espazioa" sortzea dute helburu. Topagune horren bitartez, "kultura eta hiria eratzen duten Santutxuko ekimen auto-antolatuak bistaratzea" gune publikoan. Hainbat eratako jendeari zuzendutako programazioa martxan dute horretarako. 

[2017-09-14] Bilbao Commonsen tokiko ekimenak aurkezteko epea bihartik aurrera zabalik