Oholtzara igo eta hainbat emakumek euren testigantzak kontatu dituzte. Lekukotza gogorrak eta hunkigarriak partekatu dituzte ekitaldira hurbildutako lagunekin. Askotariko biolentziak jasan baitituzte Nereak, Ixonek, Maddik, Lolitak eta Katiak. Hala nola, indarkeria harreman sexu-afektiboaren barruan, laneko sexu-jazarpena, gerra bortxaketa, indarkeria lesbofoboa, irain edota eraso sexistak, tortura sexista, sexu gehiegikeriak... Euren egiak, alegia. Sarritan zalantzan jarri direnak. Hortik, Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut ekitaldiaren leloa.
Atzokoan "entzuketa eta aitortza kolektibo bat" irudikatzea zuten helburu antolatzaileek. "Erreparazioa eta justiziaren bidean, lehen urratsa gertatutako zalantzan ez jartzea eta sinestea, finean, aitortza egitea baita", Mari Luz Esteban eta Irantzu Mendia Foro Sozial Iraunkorreko kideen esanetan.
Emakumeen arteko elkartasuna sustatuz eta emakumeen parte-hartzea bultzatuz, txalo artean eman zioten amaiera ekitaldiari. Oholtza gainean partaideen arteko besarkada handi baten bitartez.
Bakearen eraikuntza kolektiboan, Foro Sozial Iraunkorraren aburuz, "ezinbesteko urratsa" da emakumeek bizitako biolentzia matxisten aldaera desberdinak jasotzea, entzutea eta aitortzea, "eta ez soilik gatazka armatuari lotutakoak".
Antolatzaileen asmoa da aurrerantzean lema berdina erabiliz askotariko ekimenak antolatzea auzo eta herrietan. Aitortza hori "ahalik eta zabal, plural eta inklusiboena" izateko.