Lokatz eta basurde arrasto arteko mendi martxa

bertonaldizkaria 2017ko urr. 23a, 08:22
Argazkiak: Jon Karro / BERTON

Guztira, 70 lagunek parte hartu zuten 16 kilometroko Santutxuko VIII. Mendi Martxa Neurtuan joan den larunbatean. 

Ostiral gauean gogotik egin zuen euria, Bilbo inguruko lurrezko bideak lokazteraino. Zorionez, larunbatean, ateri eutsi zion. 09:30ean hainbat lagun batu ziren Karmelo plazan Santutxuko VIII. Mendi Martxa Neurtuan izena emateko. Azpimarratzekoa da plazan egun osoan zehar egon zen giro ona, eguerditik arratsaldera luzatu zen komiki azoka dela eta.

Guztira, 70 lagunek parte hartu dute aurtengo mendi martxan. Asko izan ziren Bolintxutik eta Malmasinetik beheranzko bidean lokatzetan labanduta lurrera jausi eta prakak zikinduta bueltatu zirenak. Lokatz asko, eta basurdeen arrastoak ere ugari aurkitu zituzten bidean, "bai oinatzak bai lur harrotua". Harritu egin ziren hiritik oso hurbil aurkitu zituztelako.  

Zailtasunak izan baziren ere, ibilbidea "oso ondo" markatuta zegoela aipatu zuten partaideek helmugan. Hortaz, antolakuntza lantaldeak ondo burutu zuen bere zeregina. 16 kilometroko bidea markatzen ez ezik, markak jasotzen, "mendia garbi uzteko", kontrol mahaia kudeatzen eta Benta Altako kontrol postuan partaideei hamaiketakoa eskaintzen aritu zen hamar kideko lantaldea. 

Lau lagun ez ziren Karmeloko plazan helmugaratu. Galdu diren berririk jaso ez dutenez, zuzenean etxera joango zirela ondorioztatu dute antolatzaileek. 

Saridun bi ere izan dira Santutxuko VIII. Mendi Martxa Neurtuan. Partaide guztien denbora kontutan hartuta, batezbestekoa egin eta tarteko denboran helmugaratu zen Natxo Monterok, batetik, eta 70 lagunen artean zotz eginda zorionekoa izan den beste partaide batek, bestetik, Landaburu Kirolak dendan gastatzeko 75 euroko bono bana eskuratu dute. 

 

[2017-10-20] Santutxuko VIII. Mendi Martxa Neurtua larunbatean