Dagoenean bonbon, ez dagoenean hor konpon

bertonaldizkaria 2017ko aza. 3a, 12:00

Argazkiak: Cantharellus Mikologia Elkartea / BERTON

Krisian daude perretxikoen eta onddoen zaleak. Ale gutxi baitago gure mendi eta larreetan lehortearen ondorioz. Aurtengo eskasia iaz ere bizi izan zuten. 2005etik 2009ra arteko sasoia “oparoa” izan bazen, ordutik aurrera “gainbehera” izan da. Santutxuko Cantharellus Mikologia Elkarteko lagunek klima aldaketarekin lotzen dute azken urteotako joera, eta nonahi ugaritu diren perretxikozaleekin. “Bai jubilatuak bai langabeak”, diote barre artean. 

Krisian daude perretxikoen eta onddoen zaleak. Ale gutxi baitago gure mendi eta larreetan lehortearen ondorioz. Aurtengo eskasia iaz ere izan zuten. 2005etik 2009ra sasoi “oparoa” izan bazen, ordutik aurrera “gainbehera” izan da. Santutxuko Cantharellus Mikologia Elkarteko lagunek klima aldaketarekin lotzen dute azken urteotako joera, eta nonahi ugaritu diren perretxikozaleekin. “Bai jubilatuak bai langabeak”, diote barre artean. 

Urria eta azaroa izan ohi dira bilketarako eta janerako hilabete aberatsak. Baina ez bakarrak. Argiro azaltzen dute perretxikoak urte osoan egon badaudela. Esate baterako, urtarrilean eta otsailean “perretxiko on askoak” jaso daitezke. Elkartean ikasi dute hori. Horregatik sortu zuten 1999an Cantharellus Mikologia Elkartea urte osoan funtzionatzeko eta zerbitzua emateko asmoarekin. Eta horretan dihardu harrezkero: mikologiaren sekretuak jendarteratzen, zabaltzen, “interesa duen orori”. 

Elkartekideak ez dira bilketara eta jatera mugatzen. Hori baino gehiago egiten dute Cantharelluseko kideek. Diotenez, ez dira “micófago hutsak”. Euren interesa haratago doa, mikologia bere osotasunean bizi dute. Ikusi eta ikasi egiten dute. Aztertu, kontsultatu, erretratatu, esporak gorde eta informazioa konpartitu, besteak beste, elkarteak berak argitaratzen duen Cantharellus aldizkarian edota beste argitalpen batzutan. Ez dituzte alperrik Egiluz medikuaren kaleko egoitzan 500 argitalpeneko liburutegia, oinarrizko informazioa emateko eskuorriak, aipatutako aldizkaria –paperean eta formatu digitalean–, mikroskopioak, lupa mikroskopikoa, akastun onddoen herbarioa… Ondare guzti hori erabilgarri dute. Zenbait elkartekide aritzen dira lanabes horiekin ikerketan. Horietako bat da, Aurelio, eta bere ikerketari esker, hostoetan sortzen diren onddo espezie berriak ezagutu dira.

XIX. Mikologia Erakusketa

Udazken beroa eta lehorra izaki, Santutxuko erakusketaren bezperan, urriaren 28an, 200 bat espezie baino ez zituzten bildu. “Interesgarriak” izan baziren ere, gehienak ez ziren jatekoak. Kopuruari dagokionez, gutxi izan dira beste urte batzutako 400 espezierekin alderatuta. Baina hasiera batean espero baino gehiago. Kepak bezperan ez zuen uste 200era iritsiko zirenik. “Esan izan balidate 200 espezie bilduko genituela ez nuen sinetsiko”, dio. 

Izeidi, harizti eta pagadietan ibili ziren. Bizkaian, Araban eta Burgosen. “Perretxikoak egon zitezkeen lekuetan”. Autobusa antolatu eta denak leku berera joan beharrean, beste urte batzutan egin duten moduan, han-hemenka sakabanatzea erabaki zuten “espezien aniztasuna bermatzeko”. Eta helburua lortu dute. 

Bildu eta erakusketan ikusgai jarri zituzten boletus edulis, onddo beltza, cantharellus, ziza hankaurdina eta esne gorriak bezalako espezie ezagunak. Laginen artean izan da “berezi bat” ere, onygena equina izenekoa. Zaldien apatxetan eta animalien hezur arrastoetan agertzen dena. Veronicaren esanetan, “oso arraroa eta oso estimatua den onddoa mikologoen artean”. 

Datu “bitxi bat” nabarmendu du Veronicak. 200 espezieren artean inork ez du aurkitu amanita phalloides onddoa, inguru honetako toxikoena, eta heriotz gehien eragiten duena. 15 egun lehenago jaso zuten, baina ez zuten aurkitu Santutxuko erakusketarako. Normalean, erakusketetan oso presente egon ohi da, “izkina bakoitzean bana”, estalita, babestuta, “inork ez ikutzeko ez eramateko”. Jendeak ezagut dezan jartzen da amanita phalloides erakusgai. Izan ere, “antzeko onddoak badira, eta jendeak nahastu egiten ditu”. 

Azokan, “hau jatekoa da” eta “hau non hazten da” galderak egin ohi ditu jendeak. Interes gastronomikoak eta perretxikoen habitatak sortzen du jakin-mina batik bat hurbiltzen diren pertsonen artean. Gazteek, berriz, amanita muscaria eta mongiengatik galdetzen dute. Haluzinazioak eragiten dituzten onddoengatik. Oro har, urtero errepikatzen diren galderak dira. 

Erakusketa bukatzean, zaramara botzen dituzte erakusgai izan dituzten laginak. “Inoiz, zarama poltsak bota eta berehala bertatu izan dira hainbat lagun onddo bila. Aleak moztu, lehortu eta erretzeko edo infusioak egiteko erabili ohi dituzte”.

Arriskuak eta gomendioak

Mundu aberatsa eta zabala da. “Arriskutsua ere bai” oso erraza baita espezien artean nahastea. Elkartekideak ere nahasten dira uste baino errazago Javik aitortzen duenez. Espezie zehatz bat dela pentsatuz biltzen dute aleren bat, beste batekin okertuta. Horregatik, “zuhurtziaz jokatu behar da, kontu handiz”, eta “ziur egon gabe ezer ez jateko” gomendatzen dute. “Ezagutzen diren espezieak bakarrik jaso eta jateko”, alegia. Javik, adibidez, elkartekidea izan baino lehen perretxiko “gehiago jaten zituen”. Azalpen erraza du, Veronicaren hitzetan: “Geroz eta gehiago ezagutu geroz eta zuhurragoa zara”. 

Identifikazioan eta sailkapenean laguntzeko urte osoan zehar, astelehenero, eskaini ohi du Cantharellus elkarteak informazio eta arreta zerbitzua bere egoitzan. “Astelehenero hurbiltzen da bateren bat”. Urritik azarora, berriz, Santutxu auzoko beste gune batean ematen dute zerbitzu hori, Karmeloko udaltegiko beheko solairuan. Aurten, perretxiko eta onddo eskasiagatik jende gutxi hurbildu da, eta ulertzekoa da. 

Gutxiago egonagatik pozointze kasuak ez dira gutxitu. “Urterokoak dira”, eta aurten ere izan dira bi kasu larri. Bata Burgosen eta bestea Araban. Boletus edulis zelakoan jan zuten hainbat lagunek Burgoseko taberna batean Satanasen boletusa. “Ezinezkoa da bi horiekin erratzea ez baitute batere antzik”, Veronicaren arabera. “Okertu badira ezjakintasunagatik edo jateko gogoak eraginda izango zen”. Araban ume batzuk izan dira perretxiko toxikoak janda pozoindutakoak. Pozointze larriek gibel trasplantea eragin dezakete, eta, okerrenean, heriotza. 

Marasmio jangarria (senderuela) oso erraz nahas daiteke jangarria ez den antzeko beste espezie batekin. “Marasmio jangarriak direlakoan saskia bete ale ekarri izan digute elkartera”, aipatu dutenez. Amanita falois eta gibelurdina nahastea ere ohikoa da, “biak berdeak baitira moztean”. Sustraitik bildu behar dira, oinarritik. Bestela, ezin da faloidesak oinarrian duen arrautza atzeman. Esne gorria (niscalo) eta esne gorri faltsua ere nahasgarriak dira eta agaricus campestris (txanpinoiak) eta agaricus santoderma. Hori dela eta, Keparen aholkua: “Oso normala da gure basoetan espezie horiek aurkitzea eta jasotzea, eta adi ibili beharra dago erdiak pozoitsuak baitira”. 

Identifikatzeko elkartera eramaten diren aleak “baldintza onetan” eraman behar dira. Inolaz ez, plastikozko poltsetan gordeta. Pieza osoak izan behar dira, ez zatiak. Bestela, sailkaezinak izan daitezke, eta “horrela ezin dira desberdindu jangarriak eta toxikoak”.

Diru-laguntza gehiago

Bilboko mikologia elkarte beteranoena da Santutxukoa. Beste auzo batzutan ere elkarteak sortu diren arren, gaur egun Cantharellus da aktiboena. Bere jardunean, Bilboko Udalaren diru-laguntza handiagoa eskertuko luke. Izan ere, elkarteak zerbitzua ematen die hiritarrei zuzenean, eta Udalari zeharka. Elkartea lau urte egon da laguntzarik gabe, eta jaso duenean “euro gutxi batzuk” jaso ditu. “Ez ditugu miloiak eskatzen”, azaldu du Kepak, “urtean 1.500 euro eskatzen ari gara”. “Hemen sosak lortzeko zoratu beharra daukagu”, dio erdi kexaka erdi umoretsu. Getxoko Udalak herriko mikologia taldeari laguntza handiagoa ematen diola eta, Veronicak ez du ulertzen zergatik Bilboko Udalak ez duen antzera jokatzen. Batik bat, “Bilbon oso elkarte gutxi daudenean”.

 

www.cantharellus.net

[2017-10-30] Mikologia festa Santutxun

[2017-10-06] Urria, mikologia hilabetea