Hogei urteren ostean, paper formatuari agur esan baino lehen, Mahatserriko Berton aldizkariak azken zenbaki "berezia", 215. zenbakia, kaleratu berri du. Online irakur eta deskarga daiteke jada Uriola plataforman.
Urtemuga baliatuta, aldizkariko lantaldeak paper formatuari amaiera ematea erabaki du, ez hainbat azalpen eman barik eta 20 urteotako ibilbidea laburtu barik. Horregatik da azken hau zenbaki berezia. Desberdin egitea nahi izan dute taldekideek "aldizkari txiki honen handitasuna aldarrikatzeko –sarritan ikusezina edo gutxi baloratua– eta auzotar askoren lana eskertzeko –funtsezkoa bai sorrera unean bai aurrerabidean–".
Horrela bada, garai desberdinetan Berton aldizkariko lantaldeko kide, kolaboratzaile, babesle eta iragarle izan diren lagunen bizipenak eta iritziak bildu dituzte, baita euskarazko hedabideekin edota oro har euskararekin lotura duten lagunena. "Edukiok oso baliogarriak dira azken 20 urteotan Mahatserriko auzotarrok, norbanako eta talde gisa, eta hedabideek izandako aldaketaz ohartzeko", dio Lur Mallea aldizkariko zuzendariak. Hain zuzen ere, "gure inguru hurbileko aldaketa handietaz jabetzeko".
Aldaketek egokitzapenak eta erabaki berriak eskatzen dituzte, eta horretan ibili da Berton-eko lantaldea ere. Aurrerantzean, digitaleranzko norabideari ekingo diote Uriola plataforma indartu asmoz.
Bai, jabetu dira "galera handia dela" Berton-en desagerpena. "Ondotxo dakigu euskarazko informazioak eta komunikazioak Bilbon gabezia nabarmenak dituela, eta hutsunea are handiagoa izango dela orain". Horregatik pentsatzen dute "euskararen erronkak Bilbon denon hausnarketa sakona eskatzen duela". Berton-en azken zenbakian hausnarketa hori zabaltzen ahalegindu dira, "atzera begiratuta asko ikas dezakegulako aurrera egiteko".
Agur-jaia larunbatean
Urtarrilaren 20an, Berton-i "merezi duen agurra" egingo diote Karmelan (Fika 44) 19:00etatik aurrera. Berton-eko taldekideak eta taldekide ohiak, irakurleak, harpidedunak, kolaboratzaileak, babesleak, Mahatserriko elkarteetako kideak... 20 urtetan bidaide izan dituzten lagunak elkartzea dute xede. Musika, bertsoak, antzerkia, jan-edana... "denetik" izango dela diote. "Agur-jai xumea eta hunkigarria izango delakoan gaude. Ea lortzen dugun denon artean barnean dugun tristura alaitzea".