Andreen bizitza Santutxuko bazterretatik

uriola.eus 2018ko mar. 2a, 12:23

Joan den abenduaren 1ean denboralea dela eta bertan behera geratu zen ibilbide gidatua gaur arratsaldean egingo dute Santutxun. Auzoko andreen historia ezezaguna ezagutaraztea du xede ekimenak. 

Santutxuko Orue kartzela: Andreak, Iragana eta Duintasuna jardunaldien baitan kokatutako ibilbidea gaur arratsaldean gidatuko dute Andrea Heuschmid pedagogoak eta Oiane Valero Belasko historialariak. Biak dira Orue emakumeen kartzelaren ikerlanean aritu den taldeko kideak. 

Musika Eskolatik abiatuko dira 17:00etan, Sorkunde kaleko 8. zenbakiaren paretik. Ibilbidean zehar, batetik, Errepublika garaian emakumeak zelan bizi ziren ezagutzeko aukera izango da: tabako lantegian, komentuetan, ikastetxeetan, baserrietan, Maternitate Etxean, Maistren Eskolan… eta bestetik, guda garaian eta Frankismoan zein lekutan eta zelan bizi ziren azaltzeko, besteak beste, preso Orue txaletean. 

Ezazaguna da askorentzat Santutxuko Orue txaletak 1937an tropa nazionalak Bilbon sartu zirenetik lauzpabost urtez izan zuen erabilera, emakumeen kartzela politikoa izan baitzen. Ezezaguna izan da bere historia isildua eta ezkutatua izan den errealitatea izan delako, bai interesagatik bai beldurragatik.

Andrea Heuschmidek abiatutako ikerketari hainbat lagun eta kolaboratzaile batu zaizkio. Bildutako lekukotzei eta dokumentuei bide eman nahian joan den urte amaieran Santutxuko Orue kartzela: Andreak, Iragana eta Duintasuna jardunaldiak antolatu zituzten. Jardunaldiekin ez zen Orue kartzelaren historia ezagutzeko bidea amaitu. Andreak dioenez, Orue kartzelaren ikerlanak aurrera jarraitzen du. 

 

[2017-11-27] Orue txaleta emakumeen kartzela ere izan zelako