Orduan aipatu zuten Critina Uriarte Hezkuntza sailburuak LOMCE aplikatu nahi zuela Heziberriren bitartez. Denborarekin "hala" izan da, diotenez. "Lehen Hezkuntzako 3. mailako azterketekin hasi ziren eta aurten zazpi azterketa izango ditugu ikastetxeetan": Lehen Hezkuntzan 3, DBHn 2, PISA eta selektibitatea. Basarrate plazan eginiko agerraldian ikasle eta gurasoek adierazi dute, "zalantzarik gabe, LOMCE bere horretan aplikatzeaz gain, kanpotik datorkigun kalifikazio sistema itogarria inposatu nahi digu Hezkuntza Sailak".
Hori horrela, duela hiru ikasturte hasitako bideari segida emateko prest agertu dira Karmelo ikastola eta Luis Briñas-Santutxu ikastetxeetako familiak. Azterketei planto egiten lehenengo familia objektoreak izan ziren, eta orduz geroztik ez dute "inposatutako kanpo azterketarik" egin. Hala jakinarazi diote Hezkuntza Sailari, bi ikastetxeetako eskola kontseilu, klaustro eta IGEak "erabat kontra" agertu direla. Hezkuntza Sailak "entzungor" egin die. Bai eurei "bai planto egin duten ehunka ikastetxeri ere".
Auzo mobilizazioak
Jakinarazi dietenez, 2017-18 ikasturte honetan, Karmelo Ikastolari DBHko 4. mailako azterketa eta Briñasi LHko 6. mailakoa egitea egokitu zaie. Cristina Uriarteri zuzenduz adierazi dute "ez dtugula LOMCEk inposatu eta Heziberrik arautzen dituen kanpo azterketa hauek egingo”.
Hezkuntza Plataformen Topagunearen dinamikara atxikituz, azterketen aurkako hainbat sinadura lortu dituzte, tartean, Briñaseko LHko 6. mailako guraso "ia guztiena".
Planto egiteaz gain, auzo gisa mobilizatzea erabaki dute: "Ez ditugu ikastetxeak bakarrik utziko eta kanpo inposizioetatik babestuko ditugu". Hori dela eta, plantoak bultzatu eta ikastetxeak babestuko dituzte. Lehenengo ekimena Briñas ikastetxean izango da LHko 6. mailako azterketa martxoaren erdialdean egitea egokitu baitzaio. Azterketaren bezperan "auzo mobilizazioa" egingo dute "ikastetxearen planto erabakia defendatu eta kanpo azterketarik egin ez daitezen bermatzeko".