Umeak Karmelo plazako goiko aldean aritu ziren txapak egiten eta aurpegia margotzen Ximelgorri taldeko kideekin. Txokolate beroa ere edan zuten.
Bitartean, nagusiek, 16 urtetik gorakoek, giza futbolinean parte hartu zuten. Guztira, zazpi kideko 14 talde aritu ziren. Lehia handia izan zen. "Serio" jardun zuten partaideek, "irabazteko gogotsu".
Beti Gazte kuadrilla eta Santutxuko AEK-ko taldeek jokatu zuten finala. Lehen gola AEK-k sartu zuen eta Beti Gaztek bigarrena. Irabazleak tortilla bi zituen saritzat. Berdinketa unean erabaki zuten "zergatik ez saria banatu eta giro politean tortillak elkarrekin jan". Pentsatu bezala egin zuten, eta "saria banatuz gero hobe dela" konturatu ziren.
Dantzari Eguna "pena handiz" bertan behera utzi zuten eguraldi kaskarra zela eta.
Mintzodromoa martxoaren 20tik 21era aldatu zuten Hezkuntzako greba deialdia zela eta. Egun hortan ere, euria iragarrita zegoen, eta antolatzaileek B plana martxan jarri zuen. Kirikiño ikastolako Jai Parkean elkartzeko deia egin zieten partaideei. Bertan elkartu ziren 60 lagun lehen txandan eta 100 bat bigarrenean. Ikastetxeetako ikasleak, auzotarrak eta berlagunek bat egin zuten euskaraz hitz egiteko xedearekin, "giro oso politean". Mintzodromoaren erronka betetzea lortu zuten antolatzaileek.
Ikastetxeen arteko play back txapelketa Karmelo plazan egin ordez, "hotza eta euriagatik", lekuz aldatu eta Gabriel Aresti institutuko aretoan egin zuten. Bi txandetan erakutsi zituzten ikasleek prestatutako koreografiak. Maila handiko parte-hatzea izan zela azpimarratu dute lekukoek.
Hankamotz
Euskararen Asteko antolatzaileak penatuta daude aurtengo edizioa, eguraldia dela eta, "hankamotz" geratu delako. Hurrengo urtean jarduera gehienak kalean egiteko itxaropena ez dute galdu. Izan ere, Euskararen Astearen helburua "euskara kalera ateratzea baita".