Memoria astintzeko jardunaldiak

uriola.eus 2018ko mai. 14a, 08:22

Ekainaren 19an, 81 urte beteko dira tropa nazionalak Bilbon sartu zirela. Hainbat dira oroimen historikoa berreskuratzeko burututako saiakerak eta ekimenak, eta Sare Antifaxistak Karmelan maiatzean eta ekainean antolatutako jardunaldiek horiek ezagutzera ematea du xede, Santutxu auzoko ikuspuntutik.    

Francoren altxamendu militarretik gaur egun arteko denbora-tartean gertatutako hainbat pasadizo historiko giltzarri izango dituzte hizketagai jardunaldiko lehen saioan Luis Fuentesek eta Eduardo Gonzalezek maiatzaren 21ean. Euskal Herriko CNT sindikatuko memoria historikoaren arduraduna da lehena eta Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataformako kidea bigarrena. Besteak beste, gerra, Trantsitzioa eta Argentinan frankismoaren krimenak epaitzeko aurkeztutako kereila aipatuko dituzte betiere, auzoko, Santutxuko perspektibatik. 

Hurrengo saioan, maiatzaren 31n, 1937an Santutxun izandako bonbardaketetaz mintzatuko dira Baskale elkarteko Andrea Heuschmid eta Klaus Armbruster. Hainbat izan baitziren 1937ko lehen seihilekoan Bilbo jaurtitako bonbak. Bi ikerlariek Bizkaia bonbardatu zuen Condor legioaren jatorriaren berri eta Santutxuko emakumeen kartzela gisa erabilitako Orue txaletaren berri emango dute.   

"Emakumeen ahotsa oroimenean ez galtzeko", hirugarren saioan, Patricia Muñoz, Belen Sole eta Beatriz Diaz andrazkoek bizitako errepresio frankistari buruz mintzatuko dira. Saioan zehar 1936-39 bitartean euskal emakumeek izandako garrantzia aztertzen duen Sirena hotsak Patricia Muñozen ikus-entzunezko lana proiektatuko da. 

Ekainaren 14an, azkenik, Antifaxista egunak bideoa ikusteko aukera izango da eta Oroimen Historikoa eta antifaxismoa gaia jorratzeko.  

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira Santutxuko Karmela gunean (Fika 44). 

 

[2018-05-11] Juan Mari Zulaika: "Ez da Bilboko azken ikur frankista"