Txurdinagako kiroldegia eta Basarrateko zelaia lotzen dituen igogailua inauguratu dute

uriola.eus 2018ko abe. 12a, 12:52

Santutxuko inguru horretarako irisgarritasun-soluzioa, biztanleria-dentsitate handia baitauka, bi igogailu inklinatu jartzea izan da, Cocherito de Bilbao eta Iturriaga kaleen arteko garaiera aldea gainditzeko.

Goiko aldeko igogailuak Iturriaga kalean hasten du ibilbidea, Basarrateko zelaiaren eta Metroaren geltokiko igogailuaren ondoan. Laurencin Markesaren kalea eta Anselmo Guinea Margolaria kalea gurutzatzen diren lekuraino iristen da, eta badu geltoki bat tartean, hango haurtzaindegiaren ondoan. Igogailuak 65 metroko tartea egiten du, eta 8,5 metroko garaiera aldea gainditzen du.

Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldetik doa, Laurencin Markesaren kalearekin gurutzatzen den lekuan bertan, Cocherito de Bilbao kalearekiko gurutzaguneraino. Igogailuak 45 metroko tartea egiten du, eta 5 metroko garaiera aldea gainditzen du.

Igogailu baten zein bestearen kabinetan 20 pertsona sartzen dira. Igogailuek badute behaketa-sistema bat, ingurua denbora errealean behatzen duena; badu energiaz etengabe hornitzeko sistema bat ere, eta kabina barnearekin komunikatzeko sistema bat ere bai, besteak beste.

Horrez gain, hobetu egin da Cocherito de Bilbao kalearen eta Club Deportivoren Zirku Amateurra kalearen bidezko konexioa, han zegoen oinezkoentzako pasabide bat lekuz aldatuz eta haur-jolasen plazaren inguruko espaloia zabalduz. Horretarako, ezabatu egin da lehen zegoen lorategi-gunea.