Horrela, auzoen arteko bizitza komertziala indartuko da eta aldameneko auzoetan bizi diren familiek ere orain arte ez bezalako konexio erraza izango dute.
Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoko zinegotzi ordezkariak eta Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak aurkeztu dituzte gaur, Bilboko udaletxean, Santutxu eta Miribillaren arteko oinezkoen lotura egiteko faseak.
Jarduketa lau tartetan egingo da eta nabarmen hobetuko du pertsonen mugikortasuna aipaturiko auzoen artean- 41.500 biztanle Santutxun, 9.000 Miribillan eta 4.250 Boluetan-.
- Lehenengo tartea Santutxu auzora sartzeko biribilgunetik Mirafloresko biadukturaino izango da. Une honetan oinezkoentzako bide bat dago baina konpontzeko premia dauka. Espaloi berria, zintarriekin eta Bilbo motako baldosekin, eta Miraflores etorbidea zeharkatzeko oinezkoen pasabide bat (semaforoarekin) egitea aurreikusten da. Espaloiak 1,30 metro edo 1,50 metro zabal dira orain eta gero, 2 metroko zabalera izango dute. Oinezko ibilbidea konpontzeko lanen barruan, baldosa eta zintarri berriak eta barandak jarriko dira eta argiztapena hobetuko da. Azken batean, oinezkoen joan-etorriak eta ikuspena hobetuko dira. Galtzada eta errepidea bereizteko bionda bat jarriko da. Tarte hau egiteko epea hilabete bikoa da.
- Bigarren tartea aurrekoaren jarraipena da, biaduktuaren azpitik Bolueta auzorantz. Zubi azpitik biribilgunera arteko tartean zintarriak eta zoladura aldatuko dira, mortairu inprimatua erabilita, eta biribilgunea inguratzen duen tartean zintarriak eta Bilbo motako baldosak ipiniko dira. Oinezkoen pasabide beheratu berria egingo da Mirafloresko sarreran. Tarte hau egiteko epea hilabete bikoa da.
- Hirugarren tarteak biaduktua gurutzatzen du eta Bizkaiko Foru Aldundiak gauzatuko du, azpiegituraren jabea delako. Obra horren bidez, biaduktuaren iparraldeko espaloia egokitu eta eraberritu nahi da, oinezkoak igarotzeko. Jarduketaren luzera 370 metrokoa izango da eta espaloiaren zabalera 2,30 eta 2,60 metro artekoa. Jarduketa osagarriak ere aurreikusi dira, zehazki, segurtasun-hesi bi jartzea, kanpoko metakrilatozko misto bat erorikoak saihesteko eta barruko bat ibilgailuetatik babesteko. Aldi berean, LED argiak jarriko dira eta bide-zoruaren errodadura azala berrituko da. Lanek irauten duten bitartean, zirkulazio-aldaketak egongo dira. Tarte hau egiteko epea 6 hilabetekoa da eta aurrekontua 465.000 eurokoa. Lanen lizitazioa hasteko tramiteak hasi dira (abenduaren 17ko asterako dago aurreikusita).
- Azkenik, laugarren tartea biaduktuaren amaieratik pasatzen da, Miribillarantz, Mirafloresko biaduktuaren ondoan dagoen ezpondan, autobiatik Miribilla auzoaren kotan dagoen gasolineraraino igotzen dena. Miraflores biaduktuaren eta suhiltzaileen biribilgunearen artean (Juan Carlos de Gortazar kalean) ez dago oinezkoentzako biderik. Juan Carlos de Gortazar kaleko biribilgunearen inguruetan dagoen espaloia ere zabalduko da, oinezkoentzat egingo den bidearekin lotzeko eta, hala, 4. barrutiko (Begoña) eta 5. barrutiko (Ibaiondo) konexioa osatzeko. Tarte hau egiteko epea lau hilabetekoa izango da.
Lanak egiteko, Bilboko Udalak 950.000 euroko inbertsioa egingo du eta Bizkaiko Foru Aldundiak 465.000 eurokoa. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak udan sinatu zuten hitzarmenari esker egingo da jarduketa; izan ere, hitzarmenaren bidez, jarduteko eremuko tarteen titulartasuna laga zion Aldundiak Udalari. Bilboko Udalak obrak gauzatzeko konpromisoa hartu duela jasota dago hitzarmenean.