Giro bikaina eguzkipean Santutxuko jaietan

Jaien laugarren eguna aurrera doa hainbat ekintzarekin. 3X3 Javi Salgado txapelketak eta paella zein koktel txapelketek auzoa girotu dute goizean zehar. Elektrotxaranga, magia, igel txapelketa eta musika talde lokalen lehiaketa egongo dira arratsaldean zehar. Bestalde, jaiek igandera arte iraungo dute

Santutxuarrak jaiez disfrutatzen ari dira, beroak bero, aste osoan zehar. Lehenengo asteburua igaro da, baina azken egunotan ere hainbat ekintza izan dira auzoan. Gaur, asteartea, uztailak 12, gazteak Basarrateko landan batu dira paella eta koktel lehiaketan parte hartzeko. Bestalde, Arsuagan 15 urtez azpiko gazteek 3X3 Javi Salgado saskibaloi txapelketan parte hartu dute, eta arratsaldean nagusien txanda izango da.

Txikien txapelketan La Zona Team taldeak 14-11 irabazi du Deabruak Junior taldearen aurka, eta Los Percas-ek 8-5 irabazi dute nagusiagoen txapelketan. Arratsaldez, 15 urtetik goragoko 24 taldek jokatuko dute txapelketa irabazteko lehian, hiruko taldeetan. Saskibaloi txapelketaz gainera, arrakasta handia izan du paella eta koktel txapelketak. Auzotarrak kalera atera dira haien sukaldaritza dohainak erakustera, eta mota askotako paella eta koktelak sortu dituzte. Batzuek zailtasunak izan dituzte paella aurrera ateratzeko, baina giro ona nagusitu da plazan, musikaz lagunduta.

Bien bitartean, gazte feria egon da 12:00etan, eta giroak arratsaldez jarraituko du. Ostikada elektrotxaranga eta Toboguai arituko dira 17:30etatik aurrera, beroari aurre eginez. 18:00etan, Imanol Ituiñok ikuskizuna egingo du Karmelo plazan. 19:30ean igel txapelketa egongo da eta, eguna amaitzeko, 20:00etan 6. musika lokal maratoi-lehiaketa egongo da. Jaiak aste osoan zehar luzatuko dira igandera arte, eta ekintza anitz egongo dira egunero.