Patakonek manifestazioara dei egin du ostiralean Ertzaintzaren jarrera salatzeko

bertonaldizkaria 2012ko eka. 13a, 15:57

Manifestazioa deitu dute ostiralerako Ertzaintzaren jazarpena salatzeko eta Patakon gaztetxeko egitasmoari sostengua erakusteko. Eraikinaren jabeei borondatea jartzeko eskatu diete; Udalari, berriz, zuhurtziaz jokatzeko, “Uribarriko hutsune soziokulturalen ardura handia duen heinean”.

Patakoneko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean atzo Ertzaintza gaztetxean sartu eta bertan zeuden lagunak identikatu izana salatzeko. Adierazi dutenez, 19:00ak aldera kalez jantzitako bi ertzain eraikinera sartu ziren, “atzean furgoneta, kasko eta borradun dispositiboa zutela”.

Gaztetxea husteko baimenik gabe, barrualdean eraikina garbitzeko lanetan ari ziren lagunei modu oldarkorrean identifikatzeko eskatu zieten. Gazte horietako bati, adin txikikoa, diotenez, zaplaztekoa eman zion ertzainetako batek. Gainera, “kanpoan zeuden hainbat lagun identifikatu zituzten gaztetxe inguruetan egoteagatik”.

Matiko kaleko zati bat zirkulazioari itxita izan zuten tarte horretan eta guztira 19 pertsona identifikatu zituzten, Patakoneko kideek jakitera eman dutenez. Azkenik, “gaztetxea nahi dutenean hustu dezaketela mehatxu eginez alde egin zuten, 19:40etan. Gaztetxeko lagunek “bidegabeko ekintza honi auzokideek emandako erantzuna” goraipatu nahi izan dute, minutu gutxitan ehun pertsona baino gehiago bildu zen Patakonen kanpoaldean.

Horregatik, Ertzaintzaren jokaera salatzeko eta egitasmoari bultzada bat emateko manifestazioa deitu dute ekainaren 15erako, 19:30ean Uribarriko eskoletako plazatik abiatuta, “Uribarriko bandolero izan nahi duzuen guztioi” dei eginez.

Eraikina okupatu zutenetik, ekainak 1, auzokideen artean poza eta ilusioa zabaldu direla dio Patakonek, “udal zerbitzu ezaren aurrean” behar beharrezkoa duen espazio soziokulturala ematen baitio Uribarriri. Ildo horretan, hasieratik ateak zabal-zabalik izan dituen egitasmoa dela azpimarratu nahi izan dute.

Sinadura bilketa

Huste arriskuaren aurrean Patakonek atxikimendu bilketari ekin zion sortu eta astebetera eta zazpi egunetan 1000 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Hori ikusita, eraikinaren jabeei beren aldetik ere “borondatea jar dezatela” eskatu diete “egoera desblokeatzeko”, eta Udalari zuhurtziaz jokatzeko galdegin diote “Uribarriko hutsune soziokulturalen ardura handia duen heinean”.

Amaitzeko eskerrak eman dizkiete “auzokide, bilbotar eta gainontzeko txokoetako lagunei” eta jasotako babesak “arrazoiaren indarrarekin lanean jarraitzera” bultzatzen dituela adierazi dute.

Iturria: Branka