IRUDI ALBUMA: Tomás Galindoren "erretratuak"

bertonaldizkaria 2013ko mai. 8a, 12:09

Inguruan topatzen zuen edertasuna gorde nahian hasi zen Tomás Galindo argazkiak egiten. Gustuko zituen horiek “gogoratzeko”. Aitortu digunez, “orduak” pasa ditzake argazkiei begira. Beste edozein argazki motaren gainetik, erretratua maite du.

Baina ez soilik pertsonen aurpegiak erretratatzea, “pertsonak bere ingurunean, bere baldintza eta bitartekoekin” harrapatzea baizik. Aurpegiak agertzea ez da beharrezkoa, batzutan nahikoa da “lerro edota edukiren batekin”.

Kirol argazkilaritzarekin sartu zen Tomás Galindo mundu honetan, gero heldu zien erretratuei eta sortu zuen webgunean egin zien lekua denei. Matiko-Uribarriko jaietako argazki albuma oso gogoko du: “Ondo pasatzen dut auzoko jaietan eta hori azken emaitzean nabari da; gainera, bertako jendea jatorra da, oso eskuzabala”. Ez du bere argazkiak erakutsi eta saltzea pentsatu ere egin. Ondotxo daki argazkigintza ez dela bere “negozioa”. “Argazkiak egin eta ondoren beraiekin zerbait egitearekin konformatzen naiz; jendeak ikus ditzala, adibidez. Aldizkari honetan agertzea oparia da niretzat”.

www.galindo.com.es