Matiko auzoan "hiri-ekonomia eta gizarte-garapena bultzatzea da" eremu horren xedea Udaleko prentsa kabineteak jakitera eman duenez. Astelehenean, martxoak 31, ekitaldian izango dira, baita ere, Ricardo Barkala Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan sailburuordea eta Juan Diego BEAZeko zuzendari nagusia. Horrez gain, Irazabal familiaren ordezkaritza bat ere egongo da.
Irazabal familia da higiezinaren jabea, eta 2013an Bilboko Udalari laga zion, auzoaren garapen ekonomikoa eta gizarte-kohesioa sustatuko dituzten proiektuak bultzatzeko.
Patakon - Irazabal - Auzogunea
50 urte baino gehiago hutsik zeramatzan zazpi solairuko Irazabal eraikina okupatzea erabaki zuten hainbat pertsonak 2012ko maiatzean. Patakon izenpean, eraikinari erabilera soziokulturala ematea zuten helburu. Baina horiek kanporatu egin zituzten ekainean eta ostean, eraikineko jabe zen familiak Udalari eman zion haren jabetza. Orduan ekin zioten auzoko hainbat eragilek Irazabal eraikinaren erabilpena eskatzen duen Uribarriko Auzogune Egitasmoa osatzeari. Egitasmoa Uribarriko auzotar askok babestu dute bere sinadurarekin. "Auzoan talde asko daude, eta gehienek ez dute leku fisikorik", azaldu du Naia Gomez Uribarriko Auzolan ekimeneko partaideak. "Helburua eraikina erabiltzea da, ez haren propietatea eskuratzea", argitu du Gomezek. Horretarako Udalarekin gestio elkarbanatua hartzeko prest daude.
Uribarriko Auzogune Egitasmoa, auzo bizitzaren premia