Ekonomia digitaleko sehaska aurkeztu dute Irazabal-Matikoko Auzo Factoryn

uriola.eus 2014ko eka. 19a, 10:05

@BilbaoEkintza
"KBi Digital Bilbao-Bizkaia", ekonomia digitaleko sehaska aurreratu berria, ekintzaileei, startupei, profesionalei eta enpresa berritzaileei zuzenduta dagoena, nazioarteko erreferentzia izateko asmoz sortu da, sakelako telefono, telebista, bideojoko eta eduki digitalen ekoizpeneko aplikazioetarako.

Ekonomia digitalaren balioa eta etorkizunean garatzeko duen gaitasuna jakinda, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, ekintzailetza digitalean espezializatutako Euskadiko lehenengo sehaska zabaltzeko. José Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Ibon Areso Bilboko alkateak izen propioa (“KBi Digital Bilbao-Bizkaia”, alegia) duen proiektu horretako instalazioak bisitatu dituzte gaur. Proiektua Uribarri barrutiko erdi-erdian apiriletik zabalik dagoen Irazabal-Matiko Auzo Factory eraikinean kokatuta dago. “KBi Digital Bilbao-Bizkaia”k 1.000 metro karratuko espazioa okupatuko du, bost solairutan banatutakoa. Horietan Interneti buruzko proiektu berritzaileak dituzten ekintzaileak, startupak, profesionalak eta enpresak egongo dira batera.

Bizkaiko diputatu nagusia eta Bilboko alkatea bisita horretako buruak izan dira gaur goizean. Ekonomia digitaleko sehaska aurreratu berria, ekintzaileei, startupei, profesionalei eta enpresa berritzaileei zuzenduta dagoena, nazioarteko erreferentzia izateko asmoz sortu da, sakelako telefono, telebista, bideojoko eta eduki digitalen ekoizpeneko aplikazioetarako. Horrela, dagoeneko Interneteko negozioei lotutako hiru ekimen instalatu dira espazio berri horretan. Espazioa hiriak eta lurraldeak ekonomia digitalaren alde egindako apustua da, inbertsiogileak erakartzeko, estatuko eta nazioarteko itun estrategikoak identifikatzeko eta produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko prozesuak sustatzeko zerbitzua hartzen du barne, eta BBVA, Euskaltel eta Dominionen babesa eta GAIA eta “adigital”en laguntza ditu.

Lehenengo urrats irmoak

“KBi Digital Bilbao-Bizkaia”n dagoeneko eduki digitalei lotutako bi startup hasi dira lanean: Decoramus Network eta Wheelsland, baita BE.Hotelier izeneko enpresa proiektua ere. Azken hori hotelen kudeaketa profesional eta integraturako diseinatuta dago, web eremuan, erreserben kudeaketan, marketinean eta sare sozialetan. Decoramus Network dekorazioa eta altzariak dituen merkataritza elektronikoko ataria da; Wheelslandek, berriz, munduko hagunen atari handiena eskaintzen du, eta 2Dko eta 3Dko mugimendu simulagailuak eta sakelako telefonoetarako aplikazioak ditu, markei, banatzaileei eta saltegiei beren prozesuak hobetzen laguntzeko.  Bi startupek Euskal Ekintzaile Digitalen Erakundeak sustatutako SUA Saria 2014 jaso dute.

68 lanpostu  

“KBi Digital Bilbao-Bizkaia”k urtebeteko gehieneko epean 68 lanpostu espezializatu sortzea aurreikusi du; horietatik 9 dagoeneko sortu dira zentroko instalazioetan. Decoramusek bost langileko plantilla dauka; Wheelslandek, aldiz, bi langile baino ez, momentuz, BE. Hotelier bezala. Helburua espazio bakar batean profesional trebeak, argiak, azkarrak eta prestuak, sakelako telefono, telebista eta euskarri anitz, bideojoko, eduki digital eta Interneten oinarritutako bestelako negozio batzuetarako aplikazioak garatzen dituztenak, pilatzea da.  Azken batean, asmoa balioko eta etorkizuneko sektore estrategiko batean hiri jarduera gunea sustatzea da, bere jarduera eremuan erreferentzia izan dadin eta hiriko eta lurraldeko ekonomia osoan trakzio eragina sortzeko gaitasuna izan dezan.

Bizkortze zerbitzua

Ekonomia digitalak ez du mugarik. Haren produktuak eta zerbitzuak unibertsalak dira. Horregatik, “KBi Digital Bilbao-Bizkaia”k bizkortze eskaintza integrala dauka, Irazabal-Matiko Auzo Factory zentroan kokatzen diren eta proiektu berritzaileak dituzten startupen, profesionalen eta enpresen estatuko eta nazioarteko proiekzioa bermatzeko funtsezkoa dena.  Haren erronken artean, honako hauek nabarmendu behar dira: inbertsiogileak erakartzea, itun estrategikoak identifikatzea, “mentoring” programa edo tutoretza ekintzak, etengabeko prestakuntza eta produktuak eta zerbitzuak merkatu globalean finantzatzeko eta merkaturatzeko bideak eskuratzeari buruzko aholkularitza. Ekonomia digitalak Interneteko negozioetan espezializatuta dagoen enpresa ehuna Bilbao-Bizkaian finkatzen laguntzen du, eta aldi berean horrek haren lehiakortasuna eta nazioarteko agerpena hobetzen laguntzen du.

Kudeaketa Batzordea

BEAZ eta Bilbao Ekintza sozietate publikoetako ordezkariek osatutako Kudeaketa Batzorde bat startupak, enpresak eta  profesionalak erakartzeaz arduratuko da. Horiek zerga helbidea Bizkaian izan beharko dute, nahiz eta zentroa prest dagoen EAE, estatu eta nazioarteko ekimenak gehitzeko. Hona hemen hautaketa irizpideak: produktuen eta zerbitzuen izaera berritzailea, merkatu globalerako gaitasuna, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sorrera, talde sustatzailearen esperientzia eta gaitasuna, handitzeko aukerak, eta “KBi Digital Bilbao-Bizkaia”n kokatutako beste enpresa eta proiektu batzuekin itunak eta lankidetzak ezartzeko joera. Kudeaketa Batzordeak zentroko zuzendaritza hautatuko du, eta, halaber, antolaketa, mantentze eta funtzionamendu zereginak hartuko ditu bere gain.  

Instalazioetan sartzea

“KBi Digital Bilbao-Bizkaia”ren helburua startup, enpresa eta profesionalei laguntzea da, beren proiektuak gara ditzaten arrakasta lortzeko beharrezko trebetasunen eta jakintzen bidez merkatuaren eskakizunei aurre egitea ahalbidetzen dien heltze maila lortu arte. Horregatik, zentroko egonaldia aldi mugatu batekoa izango da kasu guztietan. Aldi hori, gutxienez, sei hilabetekoa eta, gehienez, urtebetekoa izango da proiektuen sustatzaileentzat, urte baten eta lau urteren artekoa startupetarako, urte baten eta hiru urteren artekoa proiektu berritzaile bat izanda eratutako enpresetarako eta sei hilabeteren eta lau urteren artekoa profesionalentzat. Okupatutako lanpostu bakoitzeko ordaindu beharko duten prezioa 85 eurokoa izango da hilero.