Zer da exilioa zuretzat?
Ezker abertzaleko militante naizenez, nintzenez gero, exilioa zen auzotik irten eta kanpora joatea, baina autodeterminazio eskubidea, klase ikuspegitik burujabetzeko eskubidea, hau da, gure herriak jasaten zuen egoera salatzen jarraitzea. Ihes egin nuen zerbait aldatzeko, eta Parisa joan nintzen. Harrezkero, Euskal Herriaren Aldeko Elkartasun Batzordeko kide gisa aritu naiz.
Parisen erreferentziarik bazegoen?
Une hartan LAIAko militantea nintzen, Herri Batasunaren barruan. Garai hartan HBk garrantzitsua jo zuen Parisen ordezkaritza bat zabaltzea, eta nik frantsesa nekienez aurretik errefuxiatuta egon nintzelako, hara ‘bidali’ ninduten. Europan diputatu bat geneukan orduan, Txema Montero.
Zure egoera normalizatua zen, beraz?
Paper barik nengoen. Ordezkaritzaren aurrean 24 orduz polizia bat geneukan motor batean. Noizbehinka aldatzen zen pertsona. 1992an atxiloketa batzuk izan ziren, Bretainian batez ere, baina ni ere atxilotu ninduten, eta La Santé kartzelara sartu ninduten. Lau hilabetez egon nintzen. Epaiketa 1995ean egin zidaten, eta bertatik absolbituta atera nintzen. Normala, dena fantasia zen eta. Hala ere, erresidentzia mugatu zidaten Parisetik hamar kilometrora dagoen herri batean. Hamalau urtez astero poliziarengara sinatzera joan behar nuen, eta ezin nuen herria ezertarako ere utzi. Garai horretan egun nire kide, lagun eta emazte dena ezagutu nuen, Michele, alaba bat zeukana. Hamalau urte hauek eurekin partekatzea erregalia izan da. Nire alabarentzat, ordea, bere aitarekin oporretan ezin joatea, esaterako, ‘arazoa’ izan da. Uda honetan agindu diogu hamabost egunez Euskal Herria ezagutzera elkarrekin etorriko garela.
Bizimodu gogorra izan da zurea.
Gogorra, bai, baina orain gogora datorkit itzuli berri den Fernan. Egoera zeharo desberdina bizi izan du berak. Nik Parisen jendea, familia, inguruan izan ditut beti. Ildo horretan hasi gara Estatu frantsesari ‘eraso’ egiten familia bizitzari atentatua egiteagatik. Hau da, ni ‘asignatuta’ egoteagatik, nire emazte eta nire alabari eragin dien kalteak ez duelako fundamenturik. Alde batetik, epaileek errugabetzat jo nindutelako, eta hainbat pauso eta gero, epaitegi administratibora helduta, paperak ematea ebatzi dutelako. Hainbat helegite aurkeztu ditu Estatuak, eta irabaziz joan gara –helegite bakoitzak hiru urteko iraupena du–. Administratibotik, Estatu Kontseilura iritsi gara –erakunde legegile gorenera–. Honek ebatzi du derrigorrez paperak eman behar dizkidatela jurisprudentzia ezartzen zuelako. Sinestezina. 2001. urtea zen. Une horretan kartzelaratutako beste zazpi lagunek baliatu nahi izan zuten nire kasua, baina orduan jurisprudentzia aldatu zuten, eta zazpi lagun horiek paperik gabe geratu ziren.
Zein da Elkartasun Batzorde horren funtzioa?
Parisen, garai batean 150 preso egon ziren. Euren senideek Irunen 22:00etan TGV trena hartu eta goizaldeko 5:30ean Parisera heltzen ziren. Pentsatu behar da Parisen hamar bat kartzela dagoela, eta batzuetara heltzeko 100 kilometroko distantzia dagoela. Batzutan bisitan umeak etortzen dira, txiki-txikiak, eta goizaldeko ordu horietan, neguan, lasai asko zeropetik hamar gradu egon daitezke. Orduan, guk egiten duguna izaten da, beste gauzen artean, senideak hartu, kartzelara eraman, eta bisita amaitu arte itxaron, eta trenera itzultzen lagundu. Jende nagusia ere badator. Oso ondo gogoratzen dut 95 urteko amama. bat Garrantzitsua da batzordearen lana, duda barik.
Nortzuk osatzen duzue Batzordea?
Parisetik Uribarrira nirekin batera etorri diren zortzi, bederatzi lagunek. Alderdi komunistakoak, anarkistak, Kortsikako nazionalistak eta guk taldea osatzea lortu dugu. Ikuspegi ezberdinetatik azterketa ezberdinak egin daitezke, baina komunean jarrita lortu dugu ikustarastea Euskal Herria garrantzitsua dela. Erabakiak aho batez hartzen ditugu, eta lorpen handia da hori. Asteartero irratsaio bat egiten da bi irratitetan: Txalaparta Irratian eta Radio Pays. Presoentzako bakarrik egiten dugu saio hori Txalaparta irratian, euskaraz. Parisen preso daudenez gain, bada komunitate euskaldun handi bat –200.000 pertsona inguru–, eta jende askok entzuten du saio hori. Kultura Herrikoien Nazioarteko Zentroan dugu egoitza. Lau solairuko etxalde bat da, eta bertan 80 elkarte gaude: palestinarrak, kortsikarrak, bretainiarrak, gu... Hainbat ekintza egiten ditugu. Irailaren 17an Preso Politikoaren Eguna instituzionalizatu dugu Parisen. Egun bakar bat izatetik aste osokoa izatera pasa da, eta Fête de l'Humanité-n parte hartzen dugu stand batekin.
Zer deritzozu Aurore Martinen kasuari?
Alde juridikotik, aberrazio bat da. Frantziako pertsonalitateei azaldu genien gertatua, eta esaterako Stéphanen Hesselek Auroreren adeko eskaera sinatzea lortu genuen –Indignatuen mugimenduko ideologoa–, baita Lucio Urtubik, apezpiku batek, NBEko jendeak... Oso garrantzitsua izan da lagun horien babesa, bere garaian ni ere babestu nindutelako.
Oraintsu itzuli zara etxera, Uribarrira, behin-behinean bada ere.
Joan nintzen lehenengotik 30 urte baino gehiago igaro dira. Azkenengo bisitatik 25 urte. Zergatik? LAIAko militantea nintzelako –ez legezko taldea–, gero Herri Batasunakoa, hau ere ilegaltzat joa. Zera adierazi nahi dut: herri honek baduela kultura, hizkuntza eta borondatea nazio bezala herri bat osatzeko, zazpiak bat garelako. Eta egun ez dagoela horixe eskatzeko marko demokratikorik. Ikuspuntu horretatik, zapaldua sentitzen naiz herri eta klase bezala. Zeresanik ez, elbarritu moduan. Nire eskubideak aldarrikatzen ditut, herri bezala eta pertsona bezala. Exiliotik ere ahalegindu naiz nire herrian gertatzen zena eta gertatzen dena azaltzen. Nazionalista izateagatik ez garela ez ‘reaccionario’ ez ‘pequeño burgués’, herrien Europa honetan herri berri bat sortu nahi dugula. Preso ohi eta iheslari moduan itzuli naiz bi helbururekin, ezker abertzalean aldebaterakotasun ildo horren barruan. Batetik, zama errepresiboa gutxitzen joateko eta, bestetik, borrokan segitzeko, bertan. Horregatik, pentsatu nuen egun aproposagorik ez zegoela urtarrilaren 10a baino, eta Sarek deitutako manifestaziorako etortzea ere egokia izango zela. Ez dut damurik. Ez da ezer aldatu, borrokan segitu behar dugu, hau ez da amaiera.
Auzoan, hunkituta.
Gainezka eginda. Zenbat jende egon zen ikustea liluragarria izan da. Harrera, Herriko tabernara berriro igotzea, hogeitaka urte kartzelan egon direnak besarkatzea, auzoko jendea ikustea, auzokoen artean dagoen mestizajea ikustea –nik Parisen jaioa den alaba bat daukat eta beste bat Mamakon jaioa–, guzti horrek poza eman dit. Nire adinkideak edota nire amaren adinkideak ikustea, interbentzioen kalitatea, belaunaldi ezberdinen arteko transmisioa eta maitasuna. Gozotasunez prestatutako ongi-etorria. Niretzako gehiegi izan da. Taldea gara, taldea sortu dugu, eta hori oso garrantzitsua da. Eta garrantzitsuena, preso bakar bat dagoen bitartean, ez dugu eskubiderik atzerapauso bat bera emateko, ezta bultzada hartzeko ere. Ni ekarri nauten bezala gainontzekoak ere ekarri behar ditugu, borrokan segitu behar dugu. Guk. Antolatuta. Guk.
Hasteko edo amaitzeko, Pablok bakarrizketan kontatua.
“Bada, 1989an La Manchako Herrerako kartzelatik irtetea zeharo arraroa izan zen. Nire zigorra sei urte eta egun batekoa zen, eta epaiarekin bat etorri ez, eta errekurtsoa aukeztu genuen. Garai hartako legediak zioen lau urte baino gehiago ezin zela igaro kartzelan epaiketa barik. Errekurtsoa aurkeztu eta hiru urtera kalera atera ninduten. Ipar Euskal Herrira etorri nintzen. Ezin dut errefuxiatzeaz hitz egin etxean nengoelako, nahiz administratiboki Frantzia izan. Bertan bizi eta lan egiteko beharrezkoa da identifikatzeko txartel bat. Orduan Frantziako ‘Errefuxiatu eta Apatriden Bulegoan’ asilo politiko eskaera aukeztu genuen, askotan atxilotua izan nintzelako Estatu espainolean.
1981an, Bilboko Plaza Eliptikoan atxilotu eta Basauriko kartzelara sartu ninduten. Oraindik ez dakit zergatik. Badirudi nahastu egin zituztela nire dosierra eta anaiarena. Ulertezina. Hiru hilabetez egon nintzen Basauriko kartzelan. Oraindik ez didate inolako azalpenik eman. Era berean, torturengatik hainbat salaketa aurkeztu nituen. Hain ospetsua egin den Amedo komisarioak atxilotu ninduen. Eta tortura aplikatu zidaten. ‘Gimnasia’ egin zuen, ez berak, baina bai bere agindupean zeudenek.
Horregatik, kartzelatik irtetean, Euskal Herrira heldu eta asilo politiko eskubidearen eskaera egin genuen. Era arbitrario batean debekatzen dute eskaera Estatu espainolarekin mugan dauden departamentuetan, baita Bretainian ere. Honela, Marsellara joan nintzen. Bertan, prefekturakoek adierazi zidaten nire asilo eskaera ez zutela tratatuko, nahiz esaten nuena egia izan –torturak, atxiloketak... –. Estatu espainola EB barruan dago eta EB estatu demokratikoez osatutako elkartea da, beraz, asilo politiko eskubidea ez zegoen –ez dago–. Salbuespenik gabe.
Orduan, 30 egun eman zizkidaten Estatu frantsesetik irteteko, baina hirugarren egunera atxilotu ninduten –1986eko azaroan–, Marsellara eraman ninduten eta Frantziatik Estatu espainolera kanporatu ninduten Pertusetik, bertako Guardia Zibileko postura. 28 egun nituen Frantziatik joan ahal izateko, hau da, baneukala epea, esaterako, Suitzara joateko asilo eskaera egiteko. Garai hartan Marsellan zegoen Euskal Herriaren Aldeko Elkartasun Batzordeak errekurtsoa aurkeztu zuen kanporatzearen aurka, eta irabazi genuen. Bertako epaitegi administratiboak atzera bota zuen kanporatzeko agindua, ez legezkotzat jo zuelako, nire eskubideak ez zirelako errespetatu.
Kanporatu nindutenean, bai Bartzelonan baita Madrilen torturatu ninduten, eta Auzitegi Nazionalera eraman nindutenean, bertan deklaratu nuen bakarra torturatu nindutela izan zen. Atxilotuta nengoenean, ofiziozko abokatu bat izan nuen. Berari esan nion hori dena fartsa bat zela, dena idatzita zeukatela aldez aurretik, eta eurek esaten zutena zela, eta ez nik esandakoa. Orduan, polizia batek esan zion abokatuari deklarazioa hurrengo eguneko goizera arte atzeratuko zutela, eta abokatuak erantzun zien: ‘Begira, zuek deitu didazue hona etortzeko, eta egiten ari zaretena legez kanpokoa da. Zuek ez baduzue jarraitzen prozedura behar den bezala, automatikoki nik habeas corpus eskaera egingo dut, hemen zuzen egiten ez den gauza asko dagoelako’. Orduan, poliziak segitzeko esan zuen.
Galdera batzuk egin zizkidan abokatuak, eta behar zen bezala erantzun ahal izan nuen. Joan aurretik, abokatuak esan zien poliziei nik baneukala eskubidea zerbait gehitu nahi banuen, egiteko. Nik torturatu nindutela esan nuen. Abokatua joan zenean, uste nuen orduan, bai, egurtuko nindutela erruz, baina guztiz kontrakoa izan zen. Ziegara eraman ninduten, eta goizean forentse bat etorri zen ni ikustera, ezer ere ikusi nahi ez zuen forentsea. Une batez poliziari esan zion nik neuk egindakoak zirela neuzkan markak. Horrela pasa nintzen Auzitegi Nazionalera. Epailearen aurrean berretsi nuen komisaldegian esandakoa, torturatu nindutela, eta Estatu espainoletik joan nintzela hemen lagunak atxilotzen ari zirelako, nirekin lanean ari zirenak, eta eurei egindakoa ikusita, ez nuela horrelako egoeratik pasa nahi. Eta horregatik joan nintzela.
Epaiketa heldu zenean, Frantziatik egindako kanporatzea atzera botata zegoenez, epaiketa bertan behera geratu behar zen, forma akatsagatik. Epaiketa hasi, hasi zen, baina defentsa guztia horretan oinarritu genuen. Kanporatzea legez kanpokoa izan zenez, ni Estatu espainolean atxilotuta ez, bahituta egon nintzen, era ez legezkoan. Ondorioz, ez nuen auzitegiaren indarra aitortzen, eta ez nien galderei erantzun. Sei urte eta egun bateko zigorra ezarri zidaten, baina helegitea aurkeztu genuenez, hiru urtera kalera atera nintzen. Nire ustez, bahituta eman nituen hiru urte.
Kalera atera, bai, baina astean behin epaitegira sinatzera joan behar nuen. Bi aldiz joan nintzen sinatzera, baina egoerak ez zeukan itxura onik, eta azaroaren 20an alde egitea erabaki nuen, Josu Muguruza hil zuten egun berean. Egun horretan auzoko lagun batekin ibili nintzen megafoniarekin gertatutakoaren berri emanez".