Auzitegi Gorenak aurretiaz Audientzia Nazionalak emandako epaia berrestean, 107 Herriko tabernen itxiera agindu zuen. Tartean, Bilboko bederatzi Herrikorena. Horietako bat da Uribarri Elkartea. Epaiak “noraez” sentsazioa eragin du elkartekideen artean. “Espero zitekeen ebazpena zen alde batetik, baina beste alde batetik, hainbeste urte eman dugu prozesu honetan sartuta”, dio asperen artean Eukene uribarritarrak. Bai herri dinamikan bai herri politikan “hain errotuta” dagoen Herriko gabe funtzionatzea “oso zaila” iruditzen zaio.
“Surrealistatzat” jotzen dute egoera Uribarri auzoan. Alokairuan hartuta duten lokalarekin zer gertatuko den ez dakite, ez dakite “zelan exejutatuko den agindua”, eta egoera hobeto ulertzeko abokatuarekin informatzen aritu dira. Oraindik orain, “gauza asko ez daude argi”, dio Eukenek. “Hasieran agindua berehala beteko zela zirudien arren, ez dirudi horrela izango denik. Kaleratze batean bezala jakinarazpena igorri behar dute. Hala ere, epaian gauza asko esaten dira, baina gutxi zehaztu. Esaten da Herrikoak euren eskutan geratzen direla, baina abokatuek ez dute argi toki fisikoaz ari den ebazpena edo jardueraz. Zehaztasun falta horrek tokia uzten dio Estatuari hau egin edo bestea egin erabakitzeko”.
Uribarri Elkartea “erreferentea” eta “behar-beharrezkoa” da auzoan elkartekideentzat, eta “horrela defendatuko dugu”, diote. Izan daiteke 1978tik egon den lekuan edo “beste edonon”, baina ideia hori defendatzen eta lan hori egiten jarraitzeko prest azaldu dira.
Une honetan, atxikimendu kanpaina dute esku artean. 'Uribarri Elkartea libre eta zabalik’ dioten kartelekin, auzoan edo munduko edozein txokotan, norbanako edo eragile bezala argazkiak eta bideoak eginez atxikimenduak jasotzea dute xede. Material guzti hori uribarrielkartea@gmail.com posta elektroniko helbidean jasoko dute.
Gainera, azken aste hauetan elkarretaratzea, argazki erraldoia, jaialdia, mus txapelketa arina, kontzertua, murala eta beste ekimen batzuk antolatu dituzte. “Astero zerbait egin nahi dugu bai kalean bai Herrikoan. Elkarretaratzeko modu desberdinak antolatu nahi ditugu zabalik eta libre izan nahi dugula adierazteko”.
Ekintzak
- Uztailak 9, osteguna, 19:00etan Uribarri Elkartean. Mus Txapelketa Arina. Uribarri Elkartean izena eman behar da, inskripzio kuotarik gabe. Saria egongo da.