Jesus Insausti 'Uzturre' plaza berritzeko lanak lizitatu ditu Udalak

uriola.eus 2016ko abe. 29a, 12:26

Matiko auzoan kokatuta dagoen Jesus Insausti 'Uzturre' plazaren eraberritze-lanak kontratatzeko lizitazioa onartu zuen atzo Udalak, Gobernu Batzordearen bileran.

Lan horien bitartez, Matikoko Uzturre Plazaren eraberritze osoa egingo da, diseinua eguneratuz. Horretarako, Obra, Zerbitzu, Hiri-Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak Uzturre plazaren berritze osoari ekingo dio, bere diseinua eguneratuz. Horretarako, zoladura berriztatu eta bertako kale-altzariak eta irisgarritasuna hobetuko dira, plaza osoa maila berean jarrita eta gaur egun dauden mailatxoak eta oztopoak kenduta.

Argiteria ere hobetuko da, horretarako, behar den argiztapen-maila eta kontsumo energetikoaren eta argi-kutsaduraren murrizketa uztartuko dira. Berrikuntza horrek Muros de San Pedro kalearen eta espaloien konponketa barne hartzen du, baita San Rokeko espazioa ere, plazaren mugan dagoelako. Egingo den berrikuntzari esker plazaren eremua handituko da, dauden harmaila eta barruko parterreak kenduta eta horrela, azalera erabilgarri handiagoa lortuko da.

Uzturre plaza berritzearekin batera, inguruko sarbideak berrantolatu eta espazioen eta kaleen arteko loturak hobetuko dira. Umeentzako jolasgunea eta adinekoentzako ariketa fisikorako beste eremu bat jarriko dira, aire zabalean, Ricardo Arregi kalean. Muros de San Pedro kalearen eta ondoko San Rokeko espaloiak zabalduko dira. Azkenik, Muros de San Pedroko kalearen maila San Roke eta Tiboli kaleen artean igo egingo da, inguruko trafikoa moteltzeko eta plazaren eta Matiko kalearen arteko oinezkoentzako mugimendua hobetzeko.

Lanek 1,4 miloi euroko aurrekontua daukate eta apirilean esleituko dira.