Ertzaintzak Uribarriko 'herriko tabernako' tabernariari "terrorismoa goratzea" leporatu dio

uriola.eus 2017ko mar. 6a, 08:35

Uribarriko auzokideek URIOLAri azaldutakoaren arabera, larunbat gauean, Ertzaintzaren bi furgoneta auzoko herriko tabernaren aurrean gelditu ziren, tabernaria identifikatu eta bi presoren argazkiak zituen kanpoaldeko panel bat eraman zuten.

Larunbatean, 23:00k aldera, 30 lagun inguru zeuden Uribarriko herriko tabernan auzoko inauteriak ospatzen. Ordu horretan, Ertzaintzaren bi furgoneta aurretik pasatu ziren eta auzoko bi presoren argazkiak zituen panel bati argazkiak egin zizkioten. Jarraian barrura sartu ziren eta tabernaria identifikatu ondoren, "terrorismoa goratzea leporatuko" ziotela jakinarazi zioten. Panela hartu eta alde egin zuten.

Uribarriko auzokideek azaldu bezala, "modu bortitzean sartu ziren herrikora, jendea inkrepatzen. Tentsio uneak sortu ziren".