30km/h-ko muga ezarriko da lehenengo aldiz autoentzat Bilboko Kastaños auzoan

uriola.eus 2017ko uzt. 7a, 09:00

Europako beste hiri batzuetan abian jarri duten ekimen hau burutzeko partaidetza-prozesu bat bideratu du Udalak. Auzotik zehar ibiltzen diren autoen abiadura murrizteko europar kuxinak, oinezkoentzat pasabide berriak, espaloi zabalagoak eta bidegorria desbideratuko dute. Lanak uztailean amaituko dituzte.

Uztailetik aurrera Castaños auzotik ibiliko diren ibilgailuek ezingo dute 30 kilometro orduko abiadura gainditu zenbait kaletan. Neurri berria egikaritzeko lanak uztail honetan bertan amaituko direla aurreikusi dute. Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi eta alkateorde den Alfonso Gilek esan duenez, “ekimen honekin, Europako beste hiri batzuetan dagoeneko abian jarri duten honekin, auzoa inguru lasaiago eta baketsuagoa izan dadin lortu nahi da, non bizilagunek eguneroko bizimoduari aurre egin ahal izango dioten trafikoaren presioa jasan gabe”.

Castaños ingurune lasai bihurtzeko proiektuak hainbat fase izan ditu eta guztietan hiritarren parte-hartzea bultzatu nahi izan da. Castaños auzoko bizilagunek tailer informatiboetan parte hartzeko aukera izan dute, auzoan dituzten mugikortasun arazoak azaltzeko aukera izan dute, konponbideak aurkitu ahal izateko. Castaños auzoko bizilagunen 256 ekarpen jaso dira.

Hainbat eskaera egin dituzte: kaleak asfaltatzea, espaloiak zabaltzea eta bertako oztopoak ezabatzea, eduki-ontziak lekuz aldatzea, zoru ez labaingarria jartzea, autobus geltokietan oinezkoari lehentasuna ematea txirrindulariaren aurretik, edo anbulatoriora joateko eskailera mekanikoak jartzea.

Burututako lanak

Burututako ekintzak eta egindako lanak honakoak dira: abiadura murrizteko europar kuxinak jartzea, oinezkoentzat pasabide berriak jartzea Campo Volantinen, eta Uriortu Kalea eta Tiboli kalearen ondoan; oinezkoentzako pasabide horiek igotzea, espaloiak zabaltzea Tiboli 12.ean eta Tristan de Leguizamonen; oinezkoentzako informazio-seinale berriak jartzea; autobus-geltokietan Tiboli 12 zenbakian, markesinak eta informazio-terminalak instalatzea, eta horietako batzuk aldatzea.

Aldaketa handienetarikoa izango da bidegorria desbideratzea Campo Volantineko autobus-geltokitik, markesinaren atzetik, autobus erabiltzaileen eta txirrindularien arteko leku gatazkatsua saihesteko.

Bestalde, norabide lehentasuna aldatu egin da Tristan de Leguizamon eta Epalzan, eta hotelak Fontecha eta Salazar kalean zuen aparkatzeko erreserbetako bat kendu egin da. Gainera zama-lanak egiteko aparkatzeko erreserba lekuz aldatu da Castaños kaletik Funikular Plazara, oinezkoentzako pasabidean ondo ikustea eragozten zuelako.

Ekintzen zerrendan dago, bestalde, txirrindularien eta oinezkoen guneak banatzea Unibertsitate Etorbidean, Aita Arrupe pasabidearen parean; Funikular Plazan oinezkoentzako oharpen-seinaleak jartzea, garajeetara sartzen diren ibilgailuak direla eta; eta Campo Volantineko bidegorrian abiadura mugatzeko eta oinezkoentzako pasabidea dagoela ohartarazten duten seinaleak jartzea.

Ingurune lasairako sarrerak behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta gunean bertan errepidean bizikletak egon daitezkeela ohartaraziko da.