Uribarriko Auzoko Bihotza proiektuari urte amaieran helduko diote La Pinza eta tren geltoki zaharra eraberrituz

uriola.eus 2017ko uzt. 13a, 09:38

Uribarriko Auzoko Bihotzaren eraldaketak 13.000 metro karratu hartuko ditu. Helburua da auzoko plazen sarea batzea: Etxebarria parkea, Harritxoen plaza, Eskolen plaza, Jesus Intxausti Uzturre plaza eta Damian Gonzalez eta La Pinzan egingo den egonlekua. Lanok lau fasetan egingo dira 8 hilabeteko epean. Aurrekontua 1,2 milioi eurokoa da.

Bilboko Udala Uribarriko Auzoko Bihotza eraldatzen hasiko da urtearen amaieran. Proiektuaren bidez, bizitza sozial, kultural eta ekonomikoa sustatu nahi da, aukerako toki gisa zehaztu diren aldeetan, auzoaren nortasunetik abiatuta eta parte-hartzearen bidez: espazio publikoa aktibatzea, gazteak auzora erakartzea eta bertan gera daitezen lortzea, merkataritza dinamizatzea, Maurice Ravel kaleko langa kentzea eta paisaiari balioa ematea, Bilboko begiralekuen bidez, hain zuzen ere, auzoko kokaleku estrategikoetan daudenak.

Jarduera-eremua luzeska da, Matiko eta Uribarri auzoak hartzen ditu eta gerora begira konexioa egongo da Deustu auzoarekin, auzoko bihotzen sarearen bidez. Uribarriko 13.000 metro karratu hartuko ditu, Maurice Ravel autobidearen azpiko aparkalekuaren (Artatzamina) eta Trauko eta Uribarri kaleen gurutzearen artean. Ingurune malkartsua da, zenbait elementuk baldintzatuta: Artxandako funikularra, BI-625 errepidea eta trenbide zaharraren trazatua; izan ere, azpiegitura horiek oztopo fisikoa izan dira auzorako, auzoa zatitu dutelako eta gainera, gune ez-seguruak ere sortu dira inguru horretan eta Loruri auzorako sarbideetan. Hori gutxi ez eta, barruan batetik bestera joateko zailtasunak eta irisgarritasun-arazoak ere badaude.

Lan hauekin lortu nahi da trenbidea kendu ondoren sortu diren espazio berriak, Loruriko geltoki zaharra, Montaño auzoa eta La Pinza inguruak integratzea. Oinezkoentzako ibilbideak eta esparruak eta atsedenlekuak egingo dira herritar guztientzat, baina batez ere gazteentzat eta umeentzat.

Horren guztiaren ardatza 1,5 kilometro izango dituen pasealeku nagusi eta lau bat izango da, etorkizunean Deustuko Auzoko Bihotzarekin konektatuko duena, eta zeharka, esparru horretan dauden bide eta pasabide guztiekin. Gainera, Damian Gonzalez Maisuaren eta Tiboli kaleetatik hurbil igogailu panoramiko bi jarriko dira, esku-hartze honekin sortuko diren desnibelak konektatzeko.

Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak zenbait fasetan gauzatuko ditu Uribarriko Auzoko Bihotzaren eraldaketarako obrak. I. eta II. Faseak urtea amaitu baino lehenago hasiko dira, 1,2 milioi euroko aurrekontua dute eta gauzatzeko, 8 hilabeteko epea.

I. Fasea

Beherengo maila, hegoaldekoa, Damian Gonzalez kalekoa

Damian Gonzalez kalea izango da atsedenleku berriekin, kaleko mailan egongo den plazarekin –orain arte geltokiko nasak zeuden- eta Maurice Ravel etorbidearen azpiko estalitako gunearekin komunikatzeko elementu nagusia. Orain dauden aparkalekuak mantenduko dira eta kalea goitik behera berriztuko da, geltoki zaharrerako pasabideak txukunduta. Lehentasuna emango zaie oinezkoei eta ez ibilgailuen, atarietarako eta parrokiarako sarbideak konponduko dira eta une honetan dauden aparkalekuak mantenduko dira. Tiboli kalearen gurutzean igogailu bertikal panoramikoa egokituko da, Damian Gonzalez eta pasealekua eta atsedenlekua konektatzeko; 16 pertsonentzako izango dan eta 6 metroko desnibela gaindituko du.

Tarteko maila, Matikoko geltoki zaharrekoa

Matiko eta Uribarri lotzen zituen trenbide zaharrak eta Maurice Ravel autobidearen egiturak baldintzatutako gunea da honako hau. Metroaren 3. linea dela-eta, trenbidea lur azpitik sartu da eta ondorioz, libre geratu den esparrua erabilgarri eta, trenbideak zatitzen zituen auzoak eta guneak hiriaren taxuerari gehitzeko moduan geratu dira.

Geltoki zaharra eraitsi egingo da, 1.300 metro karratuko plaza bat egiteko. Igogailua ere egingo da: 13 metroko desnibela gaindituko du, 13 pertsonentzako lekua izango du eta plaza hori eta Maurice Ravel etorbidea lotuko ditu, eta tarteko geralekua izango du La Pinza-n. Harrizko hormaren ordez ormigoizkoa egingo da, koloretako xaflekin forratuko dena; xafletan zulotxoak egingo dira “Gazte-Pinza” izena jartzeko. Plazan 10 zuhaitz landatuko dira eta 250 metro karratuko soropila; hiri-altzari moderno eta funtzionalak –jarlekuak, paperontziak eta iturria- eta led argiak -lurrean eta horman sartuta- ipiniko dira. Led argidun foku goratuek ingurunearen segurtasuna bermatu eta igogailurako bidea erraztuko dute.

Gorengo maila, iparraldean: errepidearen azpiko espazioa, Tiboli kalearen ondoan dagoena, La Pinza izenez ezaguna dena

Ingurune urbanoan integratu gabeko eremua da; inguru malkartsua izateak ez du batere laguntzen, desnibel handia baitago batetik bestera, batez ere, Maurice Ravel etorbidearen eta Tiboli eta Damian Gonzalez kaleen artean. Zuhaitz ugari dituen ezponda bat ere badago esparru horretan.

Gaur egun, eskailerak dira La Pinzara joateko modu bakarra eta, hortaz, ez dute hara joateko aukerarik mugitzeko arazoak dituztenek: Damian Gonzalez kaletik, pasabide bat eta eskailerak daude, mekanotubozko behin-behineko tarte bat dutenak; Loruri auzora joateko pasabide estu eta segurtasunik gabekoa erabili behar da; eta Tiboli kalearekin oinezkoen pasabide batek lotzen du.

Proiektuaren arabera, Lorurirekin konektatzen duten beheko pasabideak kentzeko asmoa dago eta horien ordez, bide irisgarriak jarriko dira, igogailu eta arrapalekin. Estalitako gune bat egokituko da, 800 m2-koa, Maurice Ravel etorbideko panela baliatuta: erosoa izango da eta argiak izango ditu, eguraldi txarra dagoenean ere erabili ahal izateko; ia 100 metro karratu izango duen lokal itxia, beira izango duena, ere eraikiko da, autobidearen azpiko egituran txertatua. Erabilera askotarako espazioa izango da, Udalak gestionatuko du eta proiektagailua eta internet izango ditu; jarduerak egiteko erabiliko da.

Horrez gain, parkearen gune berrian oinezkoentzako bidexkak egiteko asmoa dago, Tiboli kaletik ingurune estalira, Lorurira eta egingo diren igogailuetara joan ahal izateko. Malda irisgarriak izango dituzte bide horiek, %7tik beherakoak. Autobidearen azpian atsedenleku erakargarri eta berezia egingo dute, kolore eta argiztapen deigarriarekin. Umeentzako jolasgunea ere paratuko da, zoladura bereziarekin. Behearen gainean eta hormetan panel eta jolas elektroniko interaktiboak jarriko dira.

II. Fasea

Trenbide zaharraren trazatuaren gainean eta Maurice Ravel etorbideko autobidearen azpian dagoen esparrua da. Bertan behera utzita dago eta horregatik, une honetan ez du segurtasunik eskaintzen.

Gazteentzako estalitako espazio aktiboa egiteko asmoa dago. 1.040 metro karratu izango lituzke, Maurice Raveleko panela bera erabiliz estalkitzat: rokodromoa, ariketa fisikoa egiteko gunea eta atsedenlekua eta pasealekua egingo dira, erabilera askotarako erabil daitekeena, betiere paseo segurua bermatuz. Horrela, orain arte inor joaten ez zen eta ezkutuan eta bakartuta zegoen lekura jendea joatea sustatuko da. Argitasun handia jartzeak ere segurtasunaren pertzepzioa hobetuko du.

Trazatu osoan zehar forma eta funtzionalitatea batuko dituen oinezkoen pasealekua egitea aurreikusi da. Bereizgarria zorua -60 metrotik 60 metrora kolore desberdin batekoa izango baita- eta landaredia bitxia izango ditu; orain dauden tamaina handiko zuhaitzak mantendu egingo dira.

III. eta IV. Faseak

III. fasean pasealekua, parrokiaren paretik, eta autobide azpiko aparkalekua lotuko dira; izan ere, aparkaleku hori irisgaitza izateaz gain, Artatzaminako etxebizitzen atzealdetik bista-bistan dago.

Trenaren bide zaharra ere egokituko da fase honetan, Ricardo Arregui kalearen paraleloan; hain zuzen ere, pasealekua egokituko da Loruriko geltoki zaharretik Montaño etxadia eta Ricardo Arregui (Uzturre plazaren aurrez aurre) lotzen dituen gaur eguneko pasabidera arte. Tunela ezin izango da erabili eta horren ordez, pasealekuaren goiko aldetik Ricardo Arregui kalerainoko lotura egokituko da. Loruri zeharkaleko 7aren inguruetan aparkaleku bat jarriko da, 20 ibilgailurentzat. Noranzko horretako pasealekua eta Uzturre plazaren artean pasabidea egingo da, Ricardo Arregui kalearen maila berean; amaiera Uribarri kalearen gurutzean izango du pasealekuak eta kale horretan pasabide goratu eta handiak jarriko dira, semaforoekin. Horrela, Eskolen plazatik eta metrotik datorren jendea zuzenean joan ahal izango da pasealekura.

IV. fasean, trenbide zaharraren kontrako noranzkoa konponduko da, Artatzaminako atzealdetik, pasealekua eginez. Tarteko gunean, oinezkoen pasabide batetik zuzenean jo ahal izango da pasealekutik Maurice Ravel etorbideraino; noranzko honetan egokituko den pasealekuaren amaieran konexioa egingo da zuzenean Lorurekin eta Artatzaminarekin.

Azken batean, Uribarriko Auzoko Bihotza Auzoko Bihotzen Sarearen barruan egongo da; horren bidez, Bilboko Udalak uri osoko auzoetako bihotzak lotu nahi ditu. Honako honetan, sarearen konexio partziala egingo da, hain zuzen ere, Matiko, Uribarri eta Deustu auzoei dagokiena.

Auzoko bihotzak

Auzo Bihotzak hiriko proiektu estrategikoa 2012an jarri zen abian, hiriaren erdigunean dagoen jarduera eta lehiakortasun ekonomikoa auzoetara ere eramateko, haien nortasuna errespetatuta eta sustatuta. Auzoko Bihotzak proiektuak hiriaren erdigunean dauden aukera berberak eraman nahi ditu auzoetara, auzoak-erdigunea sarean txertatuz, aldi berean hiria indartzeko.

Lanak 12 auzoko bihotz ditu ardatz: San Inazio, Deustu, Matiko-Castaños, Uribarri, Otxarkoaga, Txurdinaga, Santutxu, Zazpi Kaleak-Atxuri, Errekaldeberri-Larraskitu, Mintegitxueta, Zorrotza eta Basurtu. Orain arte, azkena da gehien garatu dena. Hautu hori egin zen, ezinezkoa zelako hiriko 36 auzoetan aldi berean aritzea, eta Bilboko profil adierazgarriak aukeratu nahi zirelako.

Horrez gain, proiektua garatzeko lanetan, Auzo Elkarteen Federazioak, Bilbao Dendak-ek, Bilbao Ekintzak, auzo bakoitzeko auzokoen eta merkatarien elkarteek, auzoetako ikasleek, Udalak eta Metrópoli Fundazioak hartu dute parte. Metrópoli Fundazioa arduratu da lan-metodologia, talde multidiziplinarioa, parte hartzeko sintesia eta proiektu berezien nazioarteko erreferentziak jartzeaz, eta hirien etorkizunari buruzko goi mailako 40 eztabaida-gunetan baino gehiagotan ezagutzera emateaz. Bestetik, Bilboko Udala izan da prozesuko buru, eta proposamenak egokitu ditu, auzo bakoitzeko errealitatea aintzat hartuta, proiektu zehatzak gauzatzeko.

Lehen erabakia izan zen auzoko bihotza zer den adostea. Auzokoen eta merkatarien elkarteen, Bilboko Auzokoen Elkarteen Federazioaren, Udalaren eta Metrópoli Fundazioaren artean egin zuten.

Auzoko bihotza elkargune dinamikoa izango da; gizarte-, kultura-, aisia-, elkarte-, ekonomia- eta enpresa-arloko bizitzaren pizgarria; erakartzeko behar den gaitasunarekin; bizitza-kalitatearen, mugikortasunaren eta irisgarritasunaren bermea, eta oinezkoentzako eta kalitateko espazio publikoak sortzeko lagungarria; enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko poloa; hiri osoko konexio-sareetan txertatuta; inklusiboa; espazioak kudeatzeko formula berritzaileak darabiltzana; urte osoan zerbitzua egiteko egokitzeko modukoa; Itsasadarraren eta Eraztun Berdearen sustatzailea, ondareko elementuak nabarmentzeko; konfort akustikoko mailekin; multikulturala, eta, batez ere, bere gizartearen, nortasunaren eta balioen ispilua.